Txirrindulari talde ia guztiak Bergaran daude dagoeneko, arratsalderako gertatzen

Xabier Urtzelai 2010ko api. 17a, 12:31
Gazte mailako 30 talde baino gehiago batuko dira gaur, zapatua, Bergaran; 150 ziklista inguru, Gipuzkoako Klasikoa korritzeko. Gipuzkoarrak goizean zehar iritsiko dira, baina gainontzeko lurraldetako selekzioek atzo egin zuten bidaia. Hitzordua, 15:00etan, Ibargarain.

Bergarako kaleetan ziklismo-giro ederra egongo da ordu gutxi barru. Espainiako lurraldetako selekzio onenak izango dira irteera puntuan, Ibargarain (15:00). Eta eurekin batera, baita Frantziako Aviron Bayonnais taldea eta zelan ez, Gipuzkoako talde guztiak ere.
Lokatzak gazte mailan dagoen lasterketa garrantzitsuenetakoa antolatuko du, eta baita bertan parte hartu ere, bi talderekin: "Taldean hamar ziklista ditugu Gipuzkoako klasikan parte hartzeko gertu, eta bi talde prestatzea erabaki dugu. Sumofic izena izango du talde batek, eta aurten Oñatiko taldetik bi ziklista etorri zaizkigunez, Ulmaren izenarekin korrituko du beste taldeak", adierazi du gazteen entrenatzaile Iker Sanchezek.  

Sumoficeko bostekoa osatuko dute Mikel Aristik, Eneko Lizarraldek, Hodei Orobengoak, Jon Riverok eta Unai Retolazak. Eta Ulman lehiatuko dira Iker Mugarza, Aitor Umerez, Ander Telleria, Anartz Gartzia eta Aitor Laskurain. Eta Sanchezek argi eta garbi adierazi du ziklistok ez dutela tropelean bete-lana egiteko irtengo: "Neguan gogor entrenatu dira, eta talde moduan oso ondo gaudela uste dut". Hamar lagun horien artean aipatu Mikel Aristik joan den asteburuan irabazi egin zuela Errenterian: "Horrek konfiantza emango dio, Bergarara etorriko diren ziklista indartsuen aurrean beldur barik irteteko balio duena. Baina, Aristirekin batera gainontzeko ziklista guztiak aipatuko nituzke, tropelean geroago eta aurrerago ikusten dutelako euren burua eta taldeka oso emaitza onak lortzen ari garelako". Besteak beste, joan den astean bigarren izan ziren Frantziako Guiche herrian egindako lasterketan, bigarren izan ziren Eibarren eta lehenengoak Osintxun.

Oilar asko izango dira
Gaurko klasikara begira oilar asko izango dira tropelean. Selekzio indartsuak izango dira [Euskadi, Andaluzia, Gaztela Mantxa...] eta selekzioetatik haratako maila handiko ziklistak. Ibilbideari dagokionez 117 kilometro izango dituzte aurrean, ibarreko errepideetan gehienak. Hori bai, antolatzaileek uste dute 108. kilometroan Asentziora egingo duten igoerak erabakiko duela proba [17:45 inguruan]: "Posible da lehenago ihesaldiren bat edo beste egotea, baina ez dut uste Asentzion abantaila handia hartuko dutenik. Mendate horrek erabakiko du nortzuk egingo duten aurrera, eta nortzuk geratuko diren atzean".

Astelehenean 'harmailatik' saioan
Gipuzkoako Klasikoak emango duenaren berri Goitbko Harmailatik saioan izango duzue astelehenean (22:15), eta baita Asteleheneko Goienkarian, eta sarean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak