Txinako torloju egileek zerga ordaindu beharko dute gurean saldu nahi badute

Jasone Zabala 2008ko ekainaren 5a

Finkatze elementu metalikoen fabrikatzaileen elkarteak (ASEFI) bilera egin zuen martitzenean Bergarako Miguel Altuna Institutuan. Bertan, finkatze elementu metalikoak eta torlojuak egiten dituzten 35 enpresa inguru bildu ziren, horien artean Debagoieneko 12 enpresa izan ziren. ASEFI- ko ordezkariak ere egon ziren bertan, hala nola elkarteko presidente, Francisco Castellanos.

Zergak ipintzea

ASEFI- k Txinatik datozen torlojuen inportazioaren gainean demanda jarri zuen, hemengo enpresei lehengaiak erostea kostatzen zaiena baino prezio baxuagoan saltzen dituztelako Txinako produktuak, eta hori aztertu dute Europar Batasuneko komisioan. Horrela, konpetentzia leiala lortu asmoz, lortu dutena da, Txinatik datozen torloju eta finkatze elementuei zergak ipintzea, sektorean dagoen krisia– batez ere Euskadi mailan– ekiditeko asmoz. Horregatik, 2006 urtea geroztik kudeaketa ezberdinak eraman ditu elkarteak aurrera, eta kudeaketa horretan lortutako emaitzak jakinaraztera eman zituzten ASEFI elkarteko kideek, martitzenean Bergaran. Elkarteko presidente Castellanosen ustez, "abuztuaren 8tik aurrera ipiniko die Europar Batasunak zergak Txinako produktuei, horrela, Europako merkatua babestuz. Horrek sektorearen hobekuntza dakar,". ASEFI- k aurkeztu zuen demandak sektore honetako Europako elkartearen babesa ere izan du, besteak beste, Frantzia, Espainia eta Alemaniakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak