Txinako Kunshango industrialdea inauguratu du MCCk

Usoa Agirre 2007ko aza. 14a, 10:09
Mondragon Corporacion Cooperativak Txinako lehen euskal industrialdea inauguratu du gaur goizaldean. Inauguratu den industrialdearen lehenengo fasea egiteko 15 milioi euro inbertitu behar izan dituzte. Azalera urbanizatuak 85.000 m2 ditu, eta bertan lau kooperatibaren filialak daude, 650 pertsonarekin: Orbea, Oiarso, Orklin eta Wingroup-Dikar.
  • Orbeak (5.300 m2) 30 langilerekin, urtero 60.000 bizikleta egitea espero du Txinako zein mundu osoko merkatuarentzat, batez ere AEB, Errusia, Japonia eta Australiarentzat.
  • Oiarsok (4.200 m2) 20 langile ditu, eta material medikoa ekoizten du osasunaren sektorerako (kateterrak, zundak, kitak, transfusiorako eta anestesiarako aparatuak...), mundu osoan saltzeko.
  • Orklin (9.300 m2) 200 langile ditu, eta berokuntzako sistemak eta segurtasuneko termopareak fabrikatzen dituzte; hain zuzen ere, azken produktu horretan munduko liderra da. Bere ekoizpena Txinako eta Japoniako fabrikatzaile nagusiei zuzentzen die.
  • Wingroup-Dikarrek (18.200m2) 400 langile ditu, eta fitness eta etxean gimnastika egiteko tresnak egiten ditu munduko merkatu osoarentzat, batez ere Txina eta Asiako eskualdearentzat.

Bigarren fasea

Kunshango Industrialdearen bigarren faseak 200.000 m2-ko azalera hartuko du, eta gaur egun Batz, Fagor Industrial eta Fagor Arrasate kooperatibak ari dira beren lantegiak eraikitzen. Horiek guztiek 2008ko lehenengo seihilekoan espero dute lanean hastea.

  • Batzek pedaletako moduluak egingo ditu, Epsilon Plataformaren barruan General Motorsen eskutik lortu duen mundu mailako eskaerari erantzuteko.
  • Fagor Industrialek sukaldaritzako ekipamendu integrala ekoitziko du.
  • Fagor Arrasatek prentsak eta linea automatizatuak egingo ditu automobilgintzaren, etxetresna elektrikoen eta siderurgiaren sektoreetarako.

Hirugarren fasea

Hirugarren faseari begira, joan den urriaren 17an izenpetu zen 200.000 m2-ko lursaila erreserbatzea, eta horren urbanizazioa eta eraikinen eraikuntza 2008an eta 2009an egingo da; bertan beste bost enpresa kokatuko direla aurreikusi dute MCCko arduradunek.

Inaugurazioa

Inaugurazioan izan dira Ana Agirre, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua, Jose Mari Aldekoa, MCCko Kontseilu Orokorreko Presidentea, Ai Guo Guan, Kunshango alkatea eta hiri horretako beste agintari batzuk.

GOITBko albistea


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak