Urriaren 1ean jarriko dute martxan Debagoienean txartel bakarraren sistema. Dagoeneko eskatu daiteke txartel hori Debagoieneko herri gehienetan, honako puntuetan, hain zuzen ere:
- Antzuolan, Altzarten.
- Aretxabaletan, Ibarra estankoan eta Alfredo liburu-dendan.
- Arrasaten, Marchas eta Portaloiko kioskoetan, Garai estankoan eta Ttukun liburu-dendan.
- Bergaran, Isabel kioskoan eta Ikasbi liburu-dendan.
- Eskoriatzan, Adela liburu-dendan.
- Oñatin, azkenik, Gloria liburu-dendan eta Altuna estankoan.
Argazkia eta inprimakia
Eskaera egiteko inprimaki bat bete, argazki bat eraman eta 4 euro ordaindu behar da. Bost bat egun beranduago jasoko du txartela eskatzaileak, eskaera egin duen tokian bertan. Txartela diruz kargatzeko aparatua ere egongo da toki horietan. 5 eta 300 euro arteko diru kopurua sartu daiteke txartelean.
Lineak
Lehen fase baten, Debagoieneko herrien arteko lineatan jarriko dute sistema berria. Honako hauetan, hain justu:
- Bergara-Oñati-Zumarraga-Antzuola-Bergara.
- Oñati-Arrasate.
- Eibar-Eskoriatza.
Gainerako ibilbideetan hilabete batzuk barru jarriko dute sistema berria; hala nola, Arrasate eta Bergara hiriburuekin lotzen dituzten lineatan.