Turismo kalitatearen 13 diploma banatu dituzte Debagoienean

Txomin Madina Milikua 2008ko api. 16a, 19:11
Jatetxe, hotel eta nekazalturismoez gain, Debagoieneko Turismo Interpretazio Zentroak ere lortu du diploma. Azken hilabeteotan egitarau bat jarraitu dute establezimenduen kudeaketa hobetzeko.

Atzo egin zen diploma banaketa Arrasateko Kulturaten, eta bertan diploma lortu duten establezimendu guztietako ordezkariak egon ziren. Hauek dira, herrika sailkatuta, diploma lortu dutenak.

  • Antzuolan: Ibarre nekazalturismoa
  • Aretxabaletan: Baster Alde jatetxea
  • Arrasaten: Arrasate hotela eta Hilarion eta Kanpanzar jatetxeak
  • Bergaran: Lasa eta Zumelaga jatetxeak
  • Leintz Gatzagan: Gaztainuzketa jatetxea
  • Oñatin: Arregi nekazalturismoa, Etxe Haundi eta Goiko Benta jatetxeak eta Soraluze hotela

Hauetaz gain, Debagoieneko Turismo Interpretazio Zentroak ere jaso zuen bere diploma. Euskalit erakundeak banatzen ditu diplomak Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin ekimeneko egitaraua era egokian betetzen dutenen artean. Ekimen honen helburua da kalitate hobekuntza planen bidez establezimendu turistikoen kudeaketa hobetzea, eta baita aukera dagoen tokietan "destino turistiko" kontzientzia sortzea ere.

Hainbat hilabetetan zehar egitaraua jarraitu dutenek, garbitasuna, kudeaketa administratiboa eta bezeroarenganako arreta bezalako gaietan sakontzeko aukera izan dute, eta Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikarien laguntza teknikoa jaso dute.

Egindako esfortzua eskertu

Diploma banaketan egon zen Koro Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea. Adierazi zuen turismoaren sektoreak gero eta garrantzia gehiago duela: Erkidegoan PIBaren %5a da dagoeneko, eta Gipuzkoan, PIBaren %7a. Zentzu horretan esan zuen horrelako ekimenak bultzatu egin behar direla, eta gaineratu turismo sektorea garatzeko, beharrezkoa dela maila guztietan eragile publiko eta pribatuen inplikazioa. Diploma jaso zutenei eskerrak ere eman nahi izan zizkien, esanaz enpresa handietan ez bezala, jatetxeak edo hotelak bezalako enpresa txikietan horrelako kalitate planak aurrera eramateak esfortzu handia eskatzen duela.

Garmendiaz gain, diploma banaketan egon ziren Debagoieneko hainbat udaletako ordezkariak eta baita Mankomunitateko Turismo saileko teknikariak ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak