Tranbiaren gainean hitz egingo dute erakundeek

Leire Kortabarria 2008ko urtarrilaren 11

Garraio Azpiegitura Sailak Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako alkateekin batzartzeko asmoa du hileon; alkateek ere hala eskatu dute.

Debagoieneko tranbiaren proiektua berbagai da berriz ere azkenaldian. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Sailak interesa azaldu du tranbiak hasieran lotuko lituzkeen herrietako –Arrasate, Bergara eta Aretxabaleta– udal ordezkariekin batzartzeko. Hala ere, oraingoz, ez dago batzar hori egiteko datarik; are gehiago, Aretxabaletako alkate Inaxio Garrorekin ez da inor harremanetan jarri. Arrasateko Udala bera jarri da Jaurlaritzarekin kontaktuan, eta urtarrilean barrena batzeko geratu dira; Bergarako Udalaren informazioa ere horraino heltzen da.
Batzar horietan, batik bat, udal horiek jarritako alegazioek ze erantzun duten landuko dute; horixe da, behinik behin, Debagoieneko alkateen nahia. Izan ere, Arrasateren kasuan, Ino Galparsoro alkateari alegazio jakin baten gainean erantzungo ziotela agindu zion Eusko Jaurlaritzak; hain zuzen, hasieran, ibilbidea Zarugalde kaletik zihoan; auzotarren alegazioen aurrean, Garraio Azpiegiturak Santa Barbara parkea zeharkatzea proposatu zuen, eta, horri erantzunez, Arrasateko Udalak "alternatiba arrazoizkoagoa" proposatu zuen, alegia, Garibai kaletik pasa zedila tranbia. "Jaurlaritzako teknikariak proposamen hori aztertzekotan geratu ziren", dio Galparsorok.

Bergaran, orain ia urtebete jarritako alegazioak ere erantzun gabe daude, Udalak eta herritarrek aurkeztutakoak; bada, erantzun hori jasotzea espero du Bergarako Udalak.

Proiektuaren alde

Zerbaitetan, behintzat, bat datoz Debagoieneko Udalak eta Eusko Jaurlaritza: tranbiari bultzada eman nahi diotela denek.
Ino Galparsoro Arrasateko alkateak esan duenez, "Eusko Jaurlaritzak esan du ez zegoela eperik finkatuta, baina guk uste dugu denbora gehiegi pasatu dela, eta badela garaia lanak hasteko". Ildo berean, Agurne Barruso Bergarako alkateak esan duenez, "Bergarako Udal bezala, tranbiaren alde gaude, herrien arteko harremanetarako ona izango delako; baina udalekin eta herritarrekin adostu beharko du Eusko Jaurlaritzak zein den trazaturik egokiena".
Bere egunean, Eusko Jaurlaritzak epe zehatzik finkatu ez zuen arren –horren haritik esan du Mirari Arruabarrena Garraio Azpiegitura zuzendariak "ez dagoela atzerapenik"–, hasieran zabaldu zen lanak 2007an hasiko zirela, eta 2010. urterako bukatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak