Topaguneak irudi berria eta Topakide txartela aurkeztu ditu

NereaMenor 2009ko mar. 27a, 13:02
Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) azken urtean egindako hausnarketaren emaitza eta irudi korporatiboaren aurkezpena egin zuen martitzenean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Euskara elkarteen bazkide txartel bateratua ere erakutsi zuten.

Aurkezpenean egon ziren Jasone Mendizabal elkarteko zuzendaria; Iker Martinez de Lagos idazkaria; eta Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra euskara elkarteko ordezkaria.
Euskara Elkarteen Mugimendua eta hizkuntza komunitatea trinkotu eta zabaltzen, eragile aktibo izaten jarraitzea eta sakontzea ditu helburu Federazioak. Elkartearen lanaren ardatzak "hiztun norbanakoen zein erakundeen euskararen erabileran eta atxikimenduan eragitea dira".

Elkartearen jarduera bi ardatzetan egituratzen da nagusiki, eta horietan jarraituko du aurrerantzean bere lana antolatzen: alde batetik, euskararen erabilera bultzatu nahi dute; eta bestetik, euskararekiko atxikimenduan eragin nahi dute sentsibilizazioaren bidez.

Irudi berria eta txartela

Irudi berritua aurkeztu zuten, "erronka eta garai berriei egokitzeko asmoen adierazle". Euskara elkarteen aniztasun, hurbiltasun eta bilgune izaera jasotzen dituen irudia da eta bazkideekin landu nahi den gogoeta prozesu berrirako ikurra izatea da helburua.
Topakide txartela litzateke Topaguneak aurkeztutako hirugarren ekimena. Haren helburu garrantzitsuenak dira "tokian tokiko euskara elkarteen bazkideak mugimendu zabal bateko kide direla ikusaraztea; euskara elkarteen arteko jardun koordinatua bultzatzea; eta Euskara Elkarteen Mugimenduaren jardueraren bolumena erakustea", jakinarazi du Topaguneak. Apiril bukaeratik aurrera 11.000 bazkideek eskuratu ahal izango dute bazkide txartela. Geroago, gainontzeko kideen artean banatuko da. Jabeek abantailak lortu ahal izango dituzte, maiatzetik aurrera.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak