Tokikom: tokiko hedabideen talde izaera azpimarratzeko eta elkarlanerako bideak garatzeko marka

Usoa Agirre 2009ko abe. 9a, 14:23
Tokikom markaren lehen fruitua Tokikom.com webgunea da, tokiko albistegi digitalen titularrak biltzen dituena. Hasierako fase honetan, 20 aldizkarik egin dute bat ekimenarekin. Kanpora begira, tokiko aldizkarion talde izaeraren ikurra da Tokikom. Barrura begira, berriz, kohesioa lantzeko eta elkarlana bultzatzeko akuilu dugu. Tokikomen gainean berba egiten izan ziren Goiena Magazinean Joxe Rojas Topaguneko Hedabideen Saileko arduraduna eta Eneko Azkarate Goienako ordezkaria. Hemen duzue bideoa.

Topagunearen Hedabide Saila 45 hedabidek osatzen dute. Haien artean denetik aurki daiteke: paperezko aldizkariak, irratiak eta telebistak ere bai, gehi haietako askok dituzten albistegi digitalak. Hala ere, paperak du pisurik handiena oraindik. Gogoratu beharra dago 1980ko hamarkadako herri aldizkarien loraldia dela gaur egungo hedabideen hazia. 

Hasierako fase honetan, 20 aldizkarik hartu dute parte Tokikomen definizioan: Aikor (Txorierri), Anboto (Durangaldea), Begitu (Arratia), Berton (Mahatserria), Drogetenitturri  (Ermua), Prest (Deustualdea), UK (Uribe-Kosta), Barren (Elgoibar), …eta kitto! (Eibar), Pil- Pilean (Soraluze), Aiurri astekaria (Beterri-Buruntza), Aiurri hamaboskaria (Beterri-Aiztondo), Goienkaria (Debagoiena), Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena), Guaixe (Sakana), Hernaniko Kronika (Hernani), Karkara (Orio), Otamotz (Urretxu-Zumarraga), Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka) eta Txintxarri (Lasarte-Oria). Ekimena, esan beharrik ez dago, erabat irekia da, eta espero dugu kopuru hori etorkizun hurbilean handitzea.

Aniztasuna oinarri

Zalantzarik gabe, aniztasuna da tokiko prentsaren ezaugarri nagusienetako bat. Hori oso kontuan hartu da Tokikom sortzeko orduan, eta mimo handiz errespetatzea izan da irizpide nagusia. Formatu askotarikoak ditugu, maiztasun ezberdinak, izaera anitzeko euskarriak, iritzi ezberdinak; baina hala ere, asko dira komunean ditugun ezaugarriak, eta horiek gizarteratzera dator Tokikom: euskaraz lan egiten dugu, hurbileko informazioa hurbiletik lantzen dugu, gure herri eta eskualdetan txertatuta bizi gara…

Kanpora begira, beraz, tokiko aldizkarion talde izaeraren ikurra da Tokikom. Euskarazko tokiko hedabideok komunikazio talde handi eta eraginkorra osatzen dugu, eta indarrak batuz biderkatzailea izan daiteke gure eragina.

Barrura begira, berriz, kohesioa lantzeko eta elkarlana bultzatzeko akuilu dugu Tokikom. Bizi garen garai zail hauetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu sektorearen garapenerako bide berriak irekitzea elkarlanean oinarrituta, eta gaurko hau pausu handi bat da zentzu horretan.

Kalitatea helburu

Bizirik jarraituko badugu, ezinbestekoa dugu eskaintzen dugun zerbitzua hobetzea. Tokikomen sorrerak hainbat bide emango dizkigu hori lortzeko:

Irakurleei begira:

  • Tokikotasuna gainditzen duten produktu osagarriak elkarlanean prestatzeko aukera emango digu, aldizkari osatuagoak eskaini ahal izateko.
  • Gure edukiak eskuragarriago egongo dira, eta errazagoa izango da guk landutako informazioa topatzea.
  • Lan bikoiztuak ekiditeko modua ere izango dugu, eta horrela etekin gehiago aterako diegu gure baliabideei.

Iragarleei begira:

  • Iragarle handiei begirako publizitate eskaintza bateratua sortzen ari gara, mezuak zabaltzeko plataforma gisa dugun eraginkortasuna aprobetxatzeko.
  • Iragarle txikiei, beti bezala, tratu pertsonalizatua eta hurbil-hurbilekoa eskaintzen jarraituko dugu.

Tokikom.com

Tokikom.com webgune berriak Tokikomeko aldizkarien edizio digitaletako titularrak jaso eta batera aurkezten ditu automatikoki, Euskal Herriko tokiko errealitatearen orainkari moduko bat eratuz. Titular batean klik eginez gero, jatorrizko webgunera eramango gaitu, informazio osoa lehen eskutik jaso dezagun.

Horrez gain, eskualdekako aukeraketa ere egin dezakegu, leku jakin bateko albisteak irakurri edo bertako aldizkaria zein den jakin nahi izanez gero. Webgunea gure eskaparatea ere bada nolabait, eta bertan aurki daiteke hala Tokikomen beraren nola aldizkari bakoitzaren inguruko informazio zehatza, kontaktatzeko modua eta abar.

Azkenik, zerbitzu komunen biltegia ere bada Tokikom.com. Tokiko hedabideen lan-poltsa, esate baterako, bertan aurki daiteke, eta publizitate eskaintza bateratuaren nondik norakoak ere bertan egongo dira laster.

Webgunea CodeSyntax enpresak garatu du, eta RSS teknologiaren erabilera intentsiboa egiten du. RSS bidez jasotzen ditu besteen titularrak eta, era berean, jasotakoarekin RSS jario propioa sortzen du, beste webguneetan erraz txertatzeko modukoa. Horrela, erraztu egiten dugu informazioaren etengabeko zirkulazioa. Agregatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du, eta aukera baliatzen dugu eskerrik beroenak emateko.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 93 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak