Tokiko.tv abian da, euskarazko toki-telebisten sareko telebista

Jon Berezibar 2009ko uztailaren 21a

Euskarazko tokiko telebistek Interneteko telebista ipini dute sarean; albiste eta edukiak euskaldun guztien esku jartzea da helburua eta Goiena ere horren partaide da. Tokiko.tv-ren bidez, egunero egindako lanak eta landutako albisteak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldun guztien eskura jarri gura da. Une honetan, 28 kanala, Erlo telebista, Goierri telebista, Goiena Telebista (GOITB), Oizmendi telebista, Ttipi Ttapa fundazioa, Topagunea elkartea eta Xaloa telebista ditugu proiektuaren partaide.

TOKIKO elkarteak euskarazko tokiko telebisten presentzia indartu nahi izan du, euskaldunei beste zerbitzu bat eskainiz bide batez. Albisteen tokikotasuna asko baloratzen da gure gizartean. Gure inguru hurbilean gertatutakoez dagoen kezka eta jakin-mina tokiko telebisten arrakastaren arrazoi nagusia dira.

Tokikotasunean, baina, kostu/zerbitzu erlazioa oso da garestia. Eskualdeko biztanle kopuruari bakarrik zuzentzen zaizkio egiten diren lanak, baina ikusle kopurua oso urria da. Internetek gure lana mundu zabalari eskaintzeko aukera ematen digu.

Euskarazko telebisten ataria

Tokiko.tv-ren bidez, egunero egindako lanak eta landutako albisteak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldun guztien eskura jarri nahi ditugu. Gainera, telebista bakar baten ataria izan barik, Euskal Herrian zehar dauden euskarazko telebista guztien ataria izan nahi duen honek zerbitzu osoago eta egokiagoa eskaini gura du. Telebista guztien batura baino gehiago izango da.

Plataforma honetan tokiko telebista gehiagori eta ikus-entzunezko ekimen gehiagori  egin nahi diegu lekua. Baita ere ikus-entzunekoen zaleei eta, oro har, edukiak partekatzeko prest dagoen edonori. Euskaraz, noski.

Une honetan, 28 kanala, Erlo telebista, Goierri telebista, Goiena Telebista (GOITB), Oizmendi telebista, Ttipi Ttapa fundazioa, Topagunea elkartea eta Xaloa telebista ditugu proiektuaren partaide.

Erabilterraza

Webgunera sartu bezain laster player edo leiho nagusi bat agertzen da. Bertan kargatzen da edukirik berriena, albistegi edo erreportajea. Nabigazioan behera eginez gero, une honetan dauden zortzi kanal nagusiak agertzen dira. Kanal bat aukeratuz gero, horretan ere player nagusia ageri da eta horrekin batera, azpian, kanalak eskaintzen dituen azpikateak: albistegia, kirolak eta kanal bakoitzak dituen beste azpikate bereziak; elkarrizketak eta saio bereziak, kasu. Egunero kargatuko dira bideoak edota saioak.
   
Tokiko.tv-k plataforma dinamikoa izan nahi du eta horregatik saiatuko da  ikusleen parte-hartzea bultzatzen, kamera bat duen edonor izan baitaiteke kazetari.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak