Taxi Elkartetik adierazi dute ekonomia krisiagatik eta krisiak Kontsumo Indizeen Prezioan "gorabeherak sortu" dituelako, 2010. urterako "oraingo prezioei eustea" proposatzen dutela eta hala aditzera eman diete ibarreko udalei. Bi tarifa motatan proposatzen dute eustea prezioei: batetik, 1 Tarifan; hau da, lanegunetan 07:00etatik 22:00etara. Bestetik, 2 Tarifan; hau da, lanegunetan 22:00etatik 07:00etara eta 07:00etatik 22:00etara, zapatu, domeka eta jaiegunetan. 1 Tarifan hauek izango dira prezioak: gutxieneko tarifa, 3,1294 euro; egindako kilometroko, 0,9803 euro, eta zain egondako ordu bakoitzeko, 18,7223 euro. 2 Tarifan, ostera: gutxieneko tarifa, 3,1294 euro; egindako kilometroko, 1,5636, eta zain egondako orduko, 29,4314.
Beste tarifa berezi bat
Taxien Elkartean beste tarifa berri bat proposatu dute: 5 Tarifa. Eta hori da Debagoieneko udaletan eztabaida sortu duena. Esaterako, Bergarako, Aretxabaletako eta Antzuolako udalek ez dute onartu eta ez da onartuko gehienetan. 5 Tarifan prezio hauek proposatu dituzte Gipuzkoako Taxien Elkartekoek: gutxieneko tarifa, 3,9118 euro; egindako kilometroko, 1,9545 euro, eta zain egindako orduko, 36,7892 euro. 5 Tarifa proposatzen dute gauez, jaiegun bezperetan eta jaiegunetan; hau da, "ordutegi bereziki istilutsu eta zergapekoenetan", elkarteko presidente Emiliano Fernandezen berbatan.
Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak proposatu dio Jaurlaritzari 6 Tarifa ere ezartzea; hau da, 5 Tarifaren kasuetan, baina herri edo hiri artekoetan aplikatzeko.