Berandu ibiltzen gara. Oporretan joateko autoa tailer mekanikotik pasatzea gustatzen zaigu askori, baina ez gara azken unera arte horrekin gogoratzen. Ala, lanez gainezka ibili ohi dira mekanikoak abuztuko lehenengo egunotan. "Egia da bai lan handiko egunak izaten direla abuztuko lehenengoak", esan du Ford Mugarriko Rafa Etxabek. "Jendeak oporretan joan nahi du, baina berandu ibiltzen da eta presioa tailerretara pasatzen du. Gaizki egiten dugu lan, presionatuta".
Gero eta okerrago
Mekanikoek diote gero eta okerrago dabiltzala. Jendea berandu mugitzen da autoa tailerrera eramateko eta abuztuan lantalde txikiagoarekin aritzen direnez ondorioak argiak direla. Abuztu erdialdera arte ez omen zaie lan erritmoa jaitsiko. "Abuztu erdialdeko hamar egun horietan jaitsiko da zertxobait lan bolumena", dio Etxabek. "Horrela da azken urteotan. Lehen jendea lasaiago ibiltzen zen. Orain gauza asko ditugu buruan eta berandu heltzen gara leku guztietara".
Tailerretik pasatzea, garrantzitsua
Oporretan joan aurretik autoari tailerrean begiratu on bat ematea ez da batere ohitura txarra. Kilometro asko egiten ditugu gehienok egunotan eta ezusterik nahi ez badugu hobe ondo neurriak hartzea. "Auto berrietan gurpilak eta segurtasun sistemak begiratzearekin nahikoa izan da", azaltzen du Etxabek. "Auto zaharragoekin arazo gehiago sortzen dira eta garrantzitsua izaten da joan aurretik ondo begiratzea".
Badakizue, beraz. Aurtengoak ez du bueltarik, baina hurrengorako akordatu. Autoa denboraz eraman tailerrera.