Supermerkatu eta gasolindegietan ez ezik, garraiolarien greba hasi da eragiten lantegietan

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 10a, 17:38
Oñatin, adibidez, Ulmaren Polimero sailean hainbat produkzio lerro geratuta egon dira gaur, eta Arrasateko Fagorreko Etxetresna elektriko saileko hozkailuen produkzioa ere geratuta egongo da bihartik aurrera.
Produkziorako materiala falta izatea, eta ekoiztutakoa bezeroei eramateko arazoak. Horietxek dira Oñatiko Ulma lantegiko Polimero saileko hainbat produkzio lerrotan geldialdiak egin eta langileak etxera bidali izanaren arrazoiak, lantegitik adierazi digutenez. Esan dute produkziorako beharrezkoa den materiala garraiatzen dizkieten hainbat kamioi mugan daudela geratuta garraiolarien greba dela eta. Dena den adierazi digute ahalik eta azkarren espero dutela grebari amaiera eman eta lanean normaltasunez hastea.

Ez da baina arazoak dituen Debagoieneko enpresa bakarra. Arrasaten, adibidez, Fagor Etxetresna elektrikoko lantegiak ere arazoak ditu, eta hala, bihartik, asteartea, aurrera hozkailuen saila itxita egongo da. Honetaz gainera, arratsaldean zehar bilera egingo dute Fagorrek Arrasaten dituen lantegi ezberdinetako ordezkariek, eta geldialdiak gainerako lantegietara eraman edo ez erabakiko dute.

Bergaran ere, Candy enpresak bihar goizeko hamarretan egingo du batzarra grebaren aurrean zer egin erabakitzeko. Azaldu digutenez, eurak kalkulatzen zuten greba hasi eta gutxienez hiru egunetan normaltasunez aritzeko aukera izango zutela. Bihar beteko litzateke 3. eguna, eta horregatik egingo dute batzarra. Adierazi digute greban egon arren, atzo eta gaur lortu dutela ekoiztutako hainbat produktu lantegitik ateratzea. Bergaran bertan, Geyser Gastech lantegitik adierazi digute gaur eta bihar behintzat lanera joango direla langileak.

Oraindik geldialdirik egiteko asmorik ez duten arren, beste hainbat enpresa eta fabriketan hasi dira nabaritzen grebaren ondorioak. Oñatiko Betik eta Arrasateko JMA lantegietan adibidez, esan digute greba zetorrela ikusita, produkziorako material nahikoa zeukatela gordeta.

Arazoa, baina, ez da soilik produkziorako materiala izatea, behin produktua ekoiztu eta gero zer egin erabakitzea da. Hala, Aretxabaletako Azben esan digute, eurek bi biltegi dituztela eta dagoeneko hainbat produktu bigarren biltegira eramaten ari direla.

Antzuolan berriz, Elay eta Goizperren arazoak dituzte ekoiztutakoa lantegitik atera eta bezeroei eraman ahal izateko.

Debagoieneko beste hainbat eta hainbat enpresarekin jarri gara harremanetan, eta gutxiago edo gehiago, denek nabaritu dute grebaren eragina. Dena den, gehienek esan digute aste honetan normaltasunez aritzea espero dutela. Beraz, lantegien kasuan, baliteke gogorrena datorren astetik aurrera etortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak