Sozialistek eman diote hasiera kanpainari Debagoienean

Txomin Madina Milikua 2009ko otsailaren 13a

Bart gauerdian abiarazi zen Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak D3M eta Askatasunari hauteskundeetan parte hartzea ukatu eta minutu gutxira hain zuzen ere. Hauteskunde kanpaina Debagoienera ekartzen lehenak, sozialistak izan dira, eta hala, arrosak banatu dituzte Eskoriatza eta Arrasaten.

Eskoriatzan lehenengo eta Arrasaten gero, PSE-EEko aurpegi ezagunek ohikoa  duten arrosa banaketa egin dute goizean  hauteskunde kanpainaren barruan. Arrasaten, Laubide plazako merkatu txikian burutu dute ekitaldia, eta han egon dira besteak beste Blanca Roncal eta Paco Garcia sozialisten Gipuzkoako zerrendako hautagaiak, Miguel Buen eta Elvira Cortajarena Madrileko Kongresuko diputatuak, Arrasateko zinegotzi sozialistak eta baita ETAk hildako Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohiaren emaztea eta alaba ere.

Aldaketarako deia

Sozialisten esanetan kanpaina ilusioz hasi dute, ilusioz, eta aldaketarako deia eginaz. Paco Garciaren esanetan, aldaketa lasaia izango da, elkarrizketa bidezkoa eta euskal hiritar guztiak barne hartzen dituena. Honakoa gaineratu du Garciak: ''Kanpaina aldaketaren ilusioarekin hartzen dugu, eta hemen Arrasaten, herritarrei deia egiten diegu, ikus dezaten EAJk berari interesatzen zaionean eta biktimaren arabera alkatea alda dezakeela, Azpeitian gertatu den bezala, eta interesatzen ez zaionean, ez duela aldaketa hori egiten. Horixe da EAJk eta Ibarretxek egiten duten benetako politika''.

D3M eta Askatasuna hauteskundeetatik kanpo geratu izanaren inguruan, Garciak adierazi du erabaki judizialak errespetatzen dituztela, eta kasu honetan, begi honez ikusten dutela: ''biolentzia gaitzesten ez dutenak ezin dira udaletxeetan eta legebiltzarrean egon, lehenengo aldia da ETAren sateliteak ez direla egongo''.

Krisi ekonomikoa gainditzeko,  3300 milioi euroko diru laguntzak eta sindikatu eta gizarte eragileekin elkarrizketa proposatu dituzte sozialistek. Debagoieneko hautagaiak hautatuak izanez gero, Legebiltzarrean ibarraren aldeko errefortzua egingo dutela gaineratu dute.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak