Sinadura, euskarazko telebistak Nafarroan ikusi ahal izatea legez arautzearen alde

Julen Iriondo 2010ko ots. 8a, 15:08
Euskal Telebista Nafarroan ere ikusteko aukera legez arautzea. Horixe da Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak babesten duten Mugarik Gabeko Telebista ekimenaren helburua. Telebista kateak hizkuntza bera darabilten lurralde guztietan ikusi ahal izatea gura duen mugimendua Herrialde Katalanetan sortua da, eta Madrilgo kongresuan herri ekimen legegilea aurkeztu ahal izateko 500.000 sinadura batu gura ditu.

Valentziako Accio Cultural elkarteak martxan jarritako ekimena da Mugarik Gabeko Telebistarena. Valentzian 25 urte daramatzate Kataluniako TV3 telebista katea ikusten herritarren lanari esker. Bere garaian hainbat hedagailu jarri zituzten Valentziako eskualdeetan, eta horri esker ikusi ahal izan dute Kataluniako telebista. 2007an, baina, hedagailu sarea bertan behera uzteko asmoa agertu zuen Valentziako PPren gobernuak, eta geroztik epaitegietan dago kontua. Horrelakoak saihesteko, Accio Cultural elkartearen nahia da legez arautzea norbere hizkuntzan egiten den telebista kate publiko oro ikusteko aukera, hau administratiboki beste lurralde batean ekoiztua izanda ere. Eskubide hori gainera, Eskualdeetako eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak jasotzen omen du, eta Espainiak sinatua du gutun hau. Herrialde Katalanei moduan Euskal Herriari eragiten dio gai honek.

Berriki, ETB Nafarroan ikusi ahal izatea baimentzeko prest agertu da Miguel Sanz, nahiz eta horretarako behar den azpiegitura Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko duela esan.

Madrilgo kongresuan herri ekimen legegilea aurkeztu ahal izateko 500.000 sinadura bildu behar dituzte otsailaren 25erako. 300.000 jaso zituzten Herrialde Katalanetan, eta orain hemen ekin diote kanpainari. Kontseiluaren, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan daude sinatzeko orriak, eta baita, adibidez, Arrasaten AEDren egoitzan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak