Silverio Alvarez, Debagoieneko squash txapelduna

Edu Mendibil 2010ko uzt. 11a, 14:25

Zapatuan 17 lagun batu ziren Musakolan Debagoieneko Squash Txapelketa jokatzeko. Eta goiz osoan hainbat neurketa ikusgarri jokatu ondoren, finalean ez zen emoziorik falta izan: Silverio Alvarez arrasatearrak bost set behar izan zituen Harriet Arenaza eskoriatzarra mendean hartzeko.

Alvarezek 3-2 irabazi zion Arenazari: 9-11, 11-7, 11-7, 8-11 eta 9-11. Biak ere AKE Squash taldean dihardute, gainerako lehiakide gehienak bezala. Beharbada Arenazak nekea nabaritu zuen partiduaren azken zatian (txapelketako laugarren partidua zen finalistendako) eta hortik etorri zen Alvarezen garaipena; "Egia esateko, ez nuen txapelketa irabaztea espero. Oso gogorra izan da finala eta biok dugun guztia eman dugu" esan zigun Alvarezek finala amaitu ostean.

Hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko partiduan, Aritz Gordok 3-1 irabazi zion Igor Ansuategiri: 7-11, 11-6, 11-5 eta 11-7. Aritz Gordo gustura zegoen lortutakoarekin; "lau onenen barruan sailkatzea zen nire helburua eta Igorri irabaztean poza hartu dut, bera ni baino zertxobait gorago baitago Euskadiko rankingean". Hain zuzen ere, 24.a da Ansuategi eta 29.a Gordo. Finalean beste horrenbeste gertatu zen, Arenazak (14.a) Alvarez txapelduna (18.a) baino postu hobea dauka-eta.

Beharbada atzean geratu dira squasharen sasoirik onenak (Bergarako Agorrosin kirol gunean ez da pistarik gaur, esaterako) baina Arrasateko talde batek tinko eusten dio zaletasunari. Esan bezala, 17 lagun izan ziren lehian atzo, tartean lau emakume: Amaia Arroyo, Agurtzane Elkoro, Ainhoa Galfarsoro eta Laura Saez. Onenen multzora sailkatu ez zirenak kontsolazio-koadroan aritu ziren lehian eta haien finalean Ibai Gonzalez de Durana Iñaki Uriberi nagusitu zitzaion.

Iñaki Uribetxeberria AKE Squash taldeko arduraduna pozik azaldu zen jasotako erantzunarekin. Era berean, squashean jokatu nahi dutenei taldera hurbiltzeko gonbitea luzatu zien. Oparien zozketarekin amaitu zuten zapatuko jaia.

Argazki denak, Asteleheneko Goienkarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak