Atzo izandako atxiloketak salatu dituzte

Atzo, martitzena, Euskal Herrian izandako atxiloketak salatu eta atxilotuen askatasuna eskatzeko manifestazioak egin zituzten atzo Eskoriatzan eta Arrasaten. Atxilotutako 34 lagunen artean, Huheziko Maialen Heldua ikasle donostiarra dago. Huheziko Zuzendaritza Kontseiluak prentsa ohar bat kaleratu du.

Atzo, hilak 24, Eskoriatzan 150 ikaslek manifestazioa egin zuten Eskoriatzako kaleetan zehar. Atxilotuek inkomunikatuta jarraitzen duten bitartean itxialdian egongo direla adierazi dute eta egunero  kontzentrazioak edo manifestazioak,  goizez eta arratsaldez egingo dituzte atxilotuei babesa adierazteko. Huheziko Zuzendaritza Kontseiluak prentsa ohar bat kaleratu du.

"HUHEZIko Zuzendaritza Kontseiluak zera adierazi nahi du bertako ikasle Maialen Elduaren atxiloketaren aurrean:

  • Giza eskubide guztiekiko errespetua ipar eta gidari dugun aldetik, kezkatu egiten gaitu Maialenek jasan dezakeen tratuak; horregatik, atxilotuta dagoen bitartean bere oinarrizko eskubideak errespetatzea eskatzen dugu.
  • Era berean, Maialenen ustezko errugabetasuna une oro errespetatzea galdegiten diegu nola hedabideei hala erakunde eta gizarte eragileei.
  • Unibertsitate erakunde garen aldetik, kezkatu egiten gaitu gazte mugimenduetako pertsonak atxilotzeak; horregatik, gizarteari dei egiten diogu gertakari hauen aurrean gogoeta egitera. Unibertsitatea ideien eta pentsamendu askearen gune den heinean, iruditzen zaigu aniztasun ideologikoa eta politikoki antolatzeko askatasuna bermatu egin behar direla gizartean bizikidetza normalizatua ziurtatzeko."

Arrasaten 100 bat lagunek manifestazioa egin zuten atzo atxiloketak salatzeko. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak barikurako, hilak 27, kontzentrazioa eta manifestazioa deitu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.