Sare sozialak eta laugarren maila, Udal Euskaltegien berrikuntzak

Txomin Madina Milikua 2009ko ira. 16a, 19:12
Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udal Euskaltegiek 2009/2010 ikasturteko aurkezpena egin dute. Ikasturte berezia izango da Aretxabaleta eta Eskoriatza batzen dituen Leintz Udal Euskaltegiarendako, 25 urte beteko ditu-eta.

Izan aditzaren taula aukeratu dute aurten Gipuzkoako 17 udal euskaltegik matrikulazio kanpaina bateratua egiteko: hizkuntza ezberdinetan idatzia agertzen da eta euskarari Gu Gara egokitu zaio, modu azpimarratuan gainera. Arduradunen esanetan, aniztasun linguistikoan bizi garen herria garela adierazi gura izan dute kanpaina honekin, baina bide batez gure euskalduntasuna aldarrikatuz.

Aurtengo berrikuntzetako bat da, teknologia berrietaz baliatuz, sare sozialetan murgildu direla udal euskaltegiak, Twitter-en  eta Facebook-en hain zuzen ere. asmoa da, euskara ikasi eta hobetu gura dutenen sarea handitzea.

Eskaintza akademikoa

Iaz bezala eskaintza zabala prestatu dute, norberaren maila, adin eta interesen arabera, eta etorkinendako prestatutako errefortzu ikastaroek eta Aisa programak ere jarraituko dute.

Lehen aldiz baina, laugarren maila eskainiko dute Debagoienean; EGA baino maila goragokoa da hau, euskaran sakontzea gura dutenentzat. Ikastaroak 150 ordu presentzial izango ditu, eta beste 15 tutoretzetarako. Udal euskaltegietako arduradunen esanetan, ikastaro hau administrazio publikoan ari direnentzat edo aritu gura dutenentzat da egokia, baita bere euskara maila hobetu gura duten irakasle, kazetari edo edozein herritarrentzat.

Matrikulazio epea

Udal euskaltegietan izen emateko epea zabalik dago dagoeneko. Arrasateko eta Leintz Udal euskaltegietan irailaren 25a arte egongo da matrikulatzeko aukera, Bergarakoan, hilaren 26a arte.

Informazio gehiagorako: www.udaleuskaltegiak.net

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak