San Juan bezpera da gaur, udako solstizioari ongi etorria egiteko eguna eta gau magikoa asko eta askorentzat. Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena da gaurkoa eta ohitura zaharrei jarraituz, San Juan sua egingo da Debagoieneko herrietan.
Arrasaten, egun handia da gaurkoa. Gaueko 21:30etan, Errementari dantzarekin emango diote hasiera San Juan suaren errituari eta 22:30etan egingo dute San Juan sua herriko plazan. Ondoren egingo dute nagusien danborrada.
Eskoriatzan bestetik, hainbat ospakizun egingo dituzte. Arratsaldeko 6retan herriko plazan bilduko dira herritarrak txorimaloaren bila joateko. 19:30etan umeendako su japoniarren erakustaldia egingo dute gazta eta edatekoaz lagunduta. San Juan sua, gaueko 22:30ean piztuko dute, 1991an jaiotako kintoek.
Gatzagan, ohitura zaharrak izango dituzte gogoan udako solstizioari ongi etorria emateko. Umeendako ekintzekin hasiko dituzte ospakizunak, arratsaldeko 7retan. Iluntzean, sardinak eta sahietsak erreko dituzte herritarrek San Migel plazan eta 22:30 hasiko dira sua egiten.
Aramaion, parrilan egindako gutiziatxoen dastaketaren ostean, 22:30ean Azkoagako plazatik Santagedatxoraino sorgin kalejira egin eta bertan lora sortei sua eman ondoren egingo dute San Juan sua.
Antzuolan 8ran inguruan hasiko dira San Juan bezperako ospakizunekin. Dantzen ostean, sua egingo dute herriko plazan.
Bergaran ere, herri mugimenduak antolatuta, San Juan sua egingo dute gaueko 22:30etan hasita, eta Aretxabaletan, San Juan zortzikoaren ostean, sua egingo dute gaueko 22:30ean. Aurretik baina, Haitzama taldearekin erromeria egongo da eta suaren ondoren ere bai. Guztia kiroldegiko zelaian egingo dute.
Oñatin eta Elgetan, udalak ez du San Juan sua antolatu, eta beraz, baserrietan eta auzoetan egingo dute sua, baina bakoitzak bere kabuz. Oñatin orain arte Laixan euskara elkarteak antolatu izan du San Jaun sua baina aurten ez dute egingo. Elgetan bestalde, gaztetxean iluntzean, txitxi burduntzia egingo dute.
Ekitaldi ofizialetatik kanpo, ibarreko baserri auzo eta kaleetan, sua piztuko dute gaur, ohitura zaharrei jarraituz.