Salaketa bat eta atxiloketa bat sexu erasoak leporatuta

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 23a, 13:29
Azken egunotan ibarrean hainbat gertakari izan dira. Bergaran eta Oñatin, esaterako, sexu erasoekin lotutako gertakariak izan dira; gainera, Oñatiko kasuan, atxilotu bat dago gertaera horiek direla tarteko.

Bergaran, ostera, hiru emakumek sexu erasoak jasan dituztela zabaldu da herrian. Hori dela-eta, beldurra zabaldu da Bergarako herritarren artean; batez ere, emakumezkoen artean. Ertzaintzarekin harremanetan jarrita, sexu erasoak direla-eta salaketa bat jaso dutela adierazi dute. Baina ez dute beste bi gertaeren berri eman.

Trenbide zaharrean

Ertzaintzatik aditzera eman dutenez, maiatzaren 12an izan ziren gertakariak. Antza denez, gizonezko batek emakumezko bati eraso egin zion. Gizonezkoa emakumezkoa bortxatzen ahalegindu zen. Ustezko gertaerak Bergarako trenbide zaharrean izan ziren, Murinondo auzoan. Jakin denez, beste bi saiakerak ere leku berean izan ziren; hau, da, trenbide zaharrean. Baina ustezko gertaera horien salaketarik ez du jaso Ertzaintzak.
Ustezko bortxaketa saiakera zela-eta, Bergarako komisarian jarri zuen emakumeak salaketa. Ertzaintzak adierazi du salaketa jaso zutenean ikerketa zabaldu zutela eta orain, ustezko delitua ikertzen ari direla. Hala, ustezko delitua egin zuen gizonezkoaren bila dabil Ertzaintza. Delituaren ezaugarriak kontuan hartuta, biktimaren daturik ezin dutela eman jakinarazi du Ertzaintzak. Oraindik inor atxilotu ez duten arren, Ertzaintzak Bergaran gertatutako ustezko delitua ikertzen dabiltzala gogoratu du.

Oñatin atxilotu bat

Sexu erasoak direla medio, Oñatin maiatzaren 15ean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Emakume bat sexualki bortxatzea leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa. Ustezko delitua  ere Oñatin bertan gertatu zela jakinarazi du Ertzaintzak. Atxilotutakoa 42 urteko gizonezkoa da, baina Ertzaintzak ez du beste daturik eman.

Bi kasuen arteko erlazioa

Bergarako eta Oñatiko kasuak erlazioa izan dezaketen edo ez ezin du esan oraindik Ertzaintzak. Oñatiko kasuan gizonezkoa atxilotuta dago eta bortxaketa delitua leporatzen diote.

Bergarako kasua, ostera, geroago gertatu zen. Ertzaintzaren komunikazio sailak adierazi du ez dirudiela pertsona bera denik, baina oraindik ezin du datu hori konfirmatu. Hain zuzen, bi herrietan gertatutakoak ikertzen ari direla adierazi dute komunikazio sailetik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak