Saharatik etorritako hamasei haur gure artean egongo dira bi hilabetez

Jasone Zabala 2008ko ekainaren 27a

Nubi eta Iesbaa elkartekoen eskutik 10 neska-mutil etorri dira gurera; Bergarako Bubisher elkartetik, berriz, 6. Bi hilabetez egongo dira gurekin.


Euskal Herri mailan haur saharauiendako udalekuak antolatzen dituzten lehen urtea da. Loiuko aireportura iritsi ziren astelehenean gurera, Argeliako Tindouf herrian dauden Saharaui Errefuxiatu kanpamentuetatik.
Arrasateko Sahararen Lagunen Elkartea, Aretxabaletako Sahararen Lagunen Elkartea eta Euskadiko Frente Polisarioari esker 7 -8 urte bitarteko 10 neska- mutil – 2 neska eta 8 mutil–etorri dira. Lasturreko Nekazal Etxe batean daude guztiak, eta bertan egongo dira datorren abuztuaren 23a arte.

Ekintza ezberdinak

Lasturren pasako dituzten bi hilabeteetan, egiteko ekintza ugari izango dituzte neska-mutikoek. "Gogorra da haur hauendako gurasoengandik banatuta egotea, baina hare gogorragoa da 50 gradu azpian egotea. Baldintza oso gogorrak dira bertan bizi dituztenak eta bi hilabete hauetan indarrak hartuko dituzte bueltan urte osoa pasatu ahal izateko", adierazi digu Nubi elkarteko Agurne Juldainek. Ekintza ezberdinak antolatu dituzte beraiendako; horrela, ikastaro ezberdinak izango dituzte, hala nola, talo ikastaroa eta jantzi ikastaroa. Lasturren pilotaleku bat ere badago eta han ere ibiliko dira; bertako errekan uretan jolasteko aukera ere izango dute. Horrekin guztiarekin batera, Euskal Herriko txoko ezberdinak ere ezagutzeko aukera izango dute, eta Debako hondartzara, Zestoara,... joango dira. Zestoan bertan mediku azterketak egingo dizkiete neska mutikoei eta Iesbaa elkarteko Olaia Sagredok esan digunaren arabera: "Haurrak itxuraz ondo etorri dira, baina anemia arazoak ugariak izaten dira haur hauetan eta azterketa medikua egingo diete". Datorren zapatuan zezentxoak izango dituzte, eta uztailaren 13an Donostiara ezagutzera joango dira. Egun honetan, Donostian, Euskal Herriko Sahararen aldeko koordinatzaileek ongi etorri jaia antolatu dute. Lasturren bi begirale saharauiarrekin daude neska-mutilak, baina beste batzuk ere joango dira datozen asteetan bertara udalekuek iraungo duten bi hilabete hauetan zehar.

Laguntza ekonomikoa

Ekintza gehiago ere egin nahi dituzte, baina hauek aurrera eramateko jendeak diruz lagundu behar du. Horretarako nahi duenak, ondorengo kontu korronte zenbakietan sartu dezake dirua: Euskadiko Kutxan: 3035000216 0020047050; La Caixa-n: 21006838480200002671 eta Gipuzkoako Kutxan, 2101005567 0126379429.

Bubisher elkartea

Bergarako Saharako haurren aldeko elkarteko (Bubisher) Bibi Anduezak aipatu digu, Bergara, Elgeta eta Antzuolara 6 neska-mutiko etorri dira, bina herri bakoitzera. Gure artean abuztuaren 23a arte egongo dira. Bi hilabete hauetan egongo diren familiak arduratuko dira haur bakoitzari mediku azterketetara eramateaz eta dituzten beste behar batzuk asetzeaz.
chernobileko haurrak
Oñatiko guraso talde batek, berriz, Txernobiletik ekartzen dituzte neska mutikoak, eta herriko familia desberdinen etxeetan bi hilabete pasatzen dituzte. Martitzenean joan ziren Ukrainiara haurren bila eta bihar etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak