Sahararen aldeko kanpainaren azken txanpan ibarreko elkarteak

Edu Mendibil 2008ko urt. 7a, 09:57
Ohikoa den moduan, ibarreko hainbat taldek Saharako errefuxiatuendako elikagaiak biltzen dihardute egun hauetan. 'Sahararen aldeko euskal karabana. Piztu itxaropena' lelopean, atuna, azukrea, dilistak, arroza eta konpresak batzea da helburua.

Arrasateko Sahararen lagunen Nubi elkarteak abenduaren 26an ekin zion janari bilketari. Maria Algaba Nubiko kidearen hitzetan, "hurrengo astean batuko dugu material guztia, baina iazko kopuruen antzera gabiltzala esango nuke. Ikusi egin behar, ikastetxetatik oraindik ez gara pasa eta". Arrasaten, Hiper Eroskin, Consumen eta BM supermerkatuan dago laguntza emateko aukera. Era berean, bi kontu zabaldu ditu Nubik, dirulaguntza eman nahi dutenendako. Honakoak dira:

  • La Caixan, 2100 1972 05 0100226062; eta
  • Euskadiko Kutxan, 3035 0001 51 0010097799.
Oñatiko hainbat denda eta saltokitan ere laguntza jasotzeko kaxak jarri dituzte.

Nubi eta Iesbaa, elkarlanean

Nubi elkartea 2004. urtean sortu zuten Arrasaten. Maria Algabarekin batera, beste bi lagun ari dira elkartean gaur. Aurtengo kanpainan, besteak beste, iaz Saharan egondako Arizmendi ikastolako ikasleen eta Arrasateko Udalaren laguntza jaso dute kanpaina aurrera eramateko.
Aretxabaletako Iesbaa taldea Nubirekin elkarlanean ari da. 2006ko maiatzean sortutako elkartea da Aretxabaletakoa. Olaia Sagredo arduradunaren hitzetan, "Eroskin, kaxa bat jarri dugu elikagaiak biltzeko, eta jendea kanpainan parte hartzera animatu nahi dugu; izan ere, kontuan hartu behar da, biztanle bakoitzak kilo bat arroz edo dilista emango balu, sekulakoa lortuko genukeela. Datozen bi asteotan ikastetxetan egingo dugu kanpainan parte hartzeko deialdia eta hori da lortu nahi duguna, ibarreko jendeak kontzientzia har dezala Saharan bizi duten egoeraz; izan ere, premia larriak dituzte han".

Bubisher elkarteak sahararren egoera salatzeko erakusketa egin zuen Bergaran

Otsailean aterako den Euskal Karabanaren helburu nagusia herri sahararrari ahalik eta elikagai gehien eramatea da, Tindufeko (Aljerian) errefuxiatuen kanpamenduetan jasaten ari diren elikagai falta ahal den neurrian asebetetzeko asmoz. Bergaran, elikagaiak batzeko kanpainak urtarrilaren 17ra arte iraungo du. Ibarreko beste hainbat herritan bezala, Estatuan, Euskal Herriari tokatu zaizkion produktuak –arroza, atuna oliotan, azukrea, dilistak eta konpresak– batzen dihardu Bubisher elkarteak. Era berean, laguntza ekonomikoa Euskadiko Kutxaren kontu zenbaki honetan egin daiteke:

  • 3035 0080 94 0800054177 (Euskadiko Kutxa).

Bubisher elkartekoek Sahararen aldeko produktuen salmenta eta argazki erakusketa egin zuten abenduaren amaieran Bergaran. Hain zuzen ere, sahararren aurkako torturak eta Sahara mendebaldean bizi duten errepresioa salatzea zen erakutsitako irudien helburu nagusietako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak