Saharako herriarendako, hamabi tona produktu Debagoienetik

Mireia Bikuña 2008ko ots. 4a, 17:02
Iesbaa, Nubi eta Bubisher elkarteek antolatutako Piztu Itxaropena kanpainaren barruan 12 tona produktu batu da Debagoieneko herrietan. Hain zuzen, arroza, lekaleak, atun latak, azukrea eta konpresak bildu dituzte mendebaldeko Sahara eta Argeliako Tindouf hirian dauden errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko.

"Oso gustura gaude herritarrek emandako erantzunarekin", azaldu digu Iesbaa taldeko kide Olaia Sagredok, "hasieran uste genuen ez genuela iaz beste material bilduko, baina aurreikuspenak bete egin dira".
Antolatzaile taldeak, eskertu ditu kanpainan parte hartu duten guztiak, bereziki eskolen lana.

Dendetan eta eskoletan

Piztu Itxaropena kanpaina abenduaren 27an abiarazi zuten. Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Oñatiko, Elgetako, Antzuolako eta Bergarako hainbat dendetan erosketarako orgak jarri ziren elikagaiak jasotzeko. Era berean, hainbat ikastetxetan, ikasleen bidez jaso zituzten elikagaiak. Guzti horiek kaxatan sartu eta zapatu goizean kamioetan kargatu zituzten.

Arrasaten kargatutako kamioetako materiala Bilbora eroan dute, Euskal Karabana otsailaren 16an Saharara abiatuko da-eta. Handik, Tinoduf-eko kanpamenduetara joango dira, hango lagunen artean materiala banatzeko.

Ekarpen bereziak

Sahararako elikagaiez gain beste ekarpen batzuk ere jaso dituzte elkartasun taldeek. Besteak beste, Arantzazuko eta Arrasateko fraideek eskolarako 80 mahai inguru eman dituzte. Etorkizunean, Saharako emakumeek erabiliko dituzte eskola batean. Gainera, laguntza ekonomiko publiko eta pribatua jaso dute eta diruarekin elikagai gehiago erosi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak