Realak bigarren mailan jokatuko du: iritziak

Usoa Agirre 2007ko eka. 18a, 17:22
1967ko apirilaren 23an igo zen azkeneko aldiz Reala lehenengo mailara. Realzale askok oroimenean duten data da. Gaurtik aurrera, beste bat ere izango dute buruan: 2007ko ekainaren 17a, Reala berriro bigarren mailara itzuli zenekoa. Iritzi batzuk jaso ditugu hemen Realaren jaitsieraz eta Athleticen salbazioaz.

Kale inkesta



Irratiko tertulia

Arrasate Irratian izan dira goizean futbolaren azken jardunaldiaz gainean berbetan. Haritz Gallastegi Athleticen jarraipena egiten duen kazetaria, Juanito Arriaran futbolzalea eta Edu Mendibil Realeko bazkide eta zalea. Hemen duzue saio hori:


powered by ODEO
Athleticen jarraitzaileak gol bat ospatzen:
Athleticeko jarraitzaileak Bergarako Toki-Ona bodegoian

Realaren jaitsierak ez ditu zaleak ezustean harrapatu, izan ere, Reala, hirugarren jardunalditik, jaitsiera postuetan egon da.

"Denboraldia gaizki hasita, aldapa gogorragoa egiten da", azaldu digu Gontxa taldeko Izei Barberok. "Urte oso txarra izan da. Anoetara hurbildu garen zale guztiok asko sufritu dugu".

Iritzi berekoa da Oñatiko Nerea Mendiola: "Partidu gehienak izan dira txarrak, bai jokalarien jarrera aldetik, eta baita taldeak egindako jokoarengatik".

Adituek dioten moduan, azken sailkapenak talde bakoitza bere tokian jartzen du.


Hamabi puntu atzetik

Martxoaren 3an jokatutako 25. jardunaldian, Zaragozaren aurka galdu ondoren, Lotinaren taldea lehenengo mailan gelditzeko postuetatik 12 puntura zegoen. Hala, zale gehienek taldea bigarren mailan ikusten zuten.

Bada, bolada ona hartu zuen taldeak, eta partiduak irabazten hasi zen. "Zaleengan ilusioa piztu zuen taldeak", esan digu Nerea Mendiolak. Baina, partidu garrantzitsuenetan, Españolen, Getaferen, Osasunaren eta, batez ere, Racing taldearen aurka, huts egin zuten: "Kolpe gogorra izan zen Osasunaren aurka galtzea; baina gogorragoa izan zen Racingen aurkako partidua. Saviok penaltia huts egin zuenean, inozo aurpegia geratu zitzaigun", dio Mendiolak.

Jardunaldi hartan, Realarekin lehian zeuden gainontzeko taldeek haien partiduak galdu zituzten. Hala, Realak jaitsiera postuetatik ihes egiteko aukera bikaina galdu zuen.

Zaleak, beti taldearekin

Urte txarra izan arren, Realaren zaleek ez dute hutsik egin. Debagoienetik, norgehiagokak ikustera hainbat autobus abiatu dira: Arrasatetik, hiru, eta Bergara eta Oñatitik, bina autobus.
Urte hasieran, urtarrilean, bazkide txartelak berritzeko garaian, zale askok baja hartu zuten. Edozelan ere, taldeak bolada ona hartu zuenean, eta kluba sarrerak oparitzen hasi zenean, harmailak lepo bete ziren berriz ere.

Halaber, bigarren mailan, Anoetara joan den zale kopuruak ere behera egingo du. "Nik uste dut baietz", diosku Nerea Mendiolak, "baina zale leialak direnek ez dute hutsik egingo. Ni, datorren denboraldian, partidu batzuk ikustera joango naiz; baina dagoeneko ez naiz bazkide".

Taldearen gabeziak

Zelai erdian izan du Realak gabeziarik handiena. Xabi Alonso Liverpool taldera joan zenetik, ez du inork zelai erdiko agintea hartu."Denbora luzea da taldeak ez duela erreferenterik zelai erdian. Defentsan, nahiko txukun aritu dira. Mikel Gonzalezek, jokatu duenean, lan ona egin du. Erasoan, aldiz, arazo asko izan ditu golak egiteko", azpimarratu digu Izei Barberok.

Realeko jarraitzaileek ez zuten pozteko arrazoirik izan:
Realzaleak Bergarako Pol-pol tabernan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak