Quebrantahuesos proban izena emateko bigarren ahalegina, astelehenean

Xabier Urtzelai 2009ko ots. 17a, 11:11
Ekainean egingo duten Quebrantahuesos proban 8.500 lagunek hartu ahal izango dute parte, eta antolatzaileek adierazi digute 10.000 lagun kanpoan geratuko direla, estatuko proba zikloturista nagusienean esku hartu ezinda. Atzo 10:06an ireki zuten izenematea eta ordubetean bertan behera utzi behar izan zuten dena, webgunea erabat kolapsatuta zegoelako.

Quebrantahuesos probako antolatzaileek 11:10ean lortu zuten webgunea berriro ere martxan jartzea, baina beste ordubete iraun zuen, ez gehiago, pot egin zuen arte: "Aurreikuspen guztiak gainditu zituen atzoko goizak", aurreratu digu Edelweiss taldeko presidente Roberto Iglesiasek gaur goizean. Gainera zetorkiena ikusita, 12:00etan izen-ematea bertan behera uztea erabaki zuten, arnas apur bat hartu eta ordura arte izena eman zutenak egiaztatzeko: "Informatikariek esan digute ez dagoela sistemarik horrelakorik jasango duenik. 6.000 bisitari jaso ahal ditugu batera, baina ez da gauza bera webgune bat 6.000 lagunek bisitatzea, bertan dagoena irakurtzeko, edo 6.000 lagun izena ematen hastea, bankuko transferentziak....". Hala, Iglesiasek baieztatu digu orain momentuan 3.500 lagunek eman dutela izena, eta gainontzekoek datorren astelehenean, hilak 23, egin beharko dutela bigarren ahalegina, Quebrantahuesos-eko webgunean.

Prozesu osoa egin behar da ondo

Atzo izena ematen ahalegindu ziren askok gutxigatik ez zuten helburua bete, pauso ia guztiak ondo bete zituztelako. Eta datozen egunotan Quebrantahuesos-eko webguneak aterako duen zerrendan ikusi gura dute euren izena: "Ez da horrelakorik gertatuko, zerrenda horretan izena emateko pauso guztiak bete zituztenak azalduko direlako bakarrik –antolatzaileen mezua jasoko dute horiek–. Batzuk lortu zuten ordainketa ere egitea, baina azken pausoa ematea falta zen, hau da, banketxeak guri baieztatzea ordainketa eginda zegoela. Baina, une horretan banketxeak ere arazoak izan zituen gurekin konektatzeko, horrenbestez, automatikoki jende horri itzuli egin zitzaion dirua, izena eman barik".

10.000 lagun haserre

Atzokoa ikusita, martxa horretan Quebrantahuesos probak dituen 200 kilometroak egitea baino nekezagoa izan behar da proban bertan izena ematea: "Sentitzen dut izena eman barik geratuko diren horiengatik, baina guk ezin dugu gehiago egin. 8.500 lagun hartzen ditugu proban, baina badakigu gutxi-gorabehera 18.000 lagunek gura izaten dutela proba egin. Horrek esan gura du 10.000 lagun haserretu egingo direla gurekin".

2008an 160 debagoiendar

Debagoieneko parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan zen iaz Quebrantahuesos lasterketa ospetsuan; 160 ziklistek hartu zuten esku lasterketan –guztira, 8067–. Ibarreko parte hartzaileen artean, elgetarrak izan ziren nagusi bai nesketan eta baita mutiletan ere. Jone Muxika nesken mailan lehenengoa izan zen Sabiñanigoko maldetan; mutiletan, berriz, Oskar Askasibar izan zen lehen debagoiendarra.

 Hemen dituzue iazko argazki batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak