Protesta ugari Batasuneko buruzagien atxiloketak salatzeko

Miren Arregi Amasorrain 2007ko urr. 11a, 18:31
Ezker abertzaleak mobilizazio eguna deitu du gaur Euskal Herrian, joan den asteko Batasuneko mahai nazionaleko kideen atxiloketak salatzeko. Debagoienean ere egin dituzte elkarretaratzeak.

LAB sindikatuak bat egin du gaur Euskal Herrian Ezker Abertzaleak deitu duen mobilizazio egunarekin. Joan den egueneko Batasunako mahai nazionaleko kideen atxiloketak salatzeko egin dituzte elkarretaratzeak.


Hezkuntza alorrean eta lantegietan ere bat egin dute deialdiarekin. Debagoienean ere hainbat elkarretaratze egin dituzte, tartean Bergarako San Martin plazan LAB sindikatuak eta Bergarako ikasleek egindakoa eta Eskoriatzako HUHEZI fakultateko ikasleek egindakoa.

Elkarretaratze jendetsua

Jendetsua izan da Bergarako elkarretaratzea. 12:00etatik 12:30ak arte egon dira bertan, LAB sindikatua Errepresiorik ez Euskal Herriak hitza eta erabakia zioen kartelarekin eta ikasleak, berriz, Independentziari ateak ireki, Gora Euskal Herria askatuta zioen beste kartel batekin.

LABeko kideen arabera, "Espainiako estatuak aspalditik burutzen duen Ezker Abertzalearen kriminalizazio eta jazarpen estrategiaren barruan kokatzen da operazioa."

Adierazi dute "eragile politiko, sindikal eta sozialen aldetik erantzun zabala eman beharra dagoela, Euskal Herriaren aitorpena eta konponbide politikoak exijitzeko".

Manifestazioa arratsaldean Arrasaten

Lantegietan eta hezkuntzan egin dituzte goizean elkarretaratzeak, eta arratsaldean, 19:00etan herriko plazatik irtenda, manifestazioa egingo dute Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak