Profesionalak eta ikasleak, telebistak Interneten egingo duen bidea igarri nahian

Jon Berezibar 2010ko mar. 10a, 17:32
Interneteko telebista ekimenetan dago aurtengo Komunikaldien arreta. Eredu ezberdinak, proiektuak eta aterabide ekonomikoa ardatz hartuta, etengabeko garapenean baina asma ezin daitekeen norabidean dihardu aurrera telebistak amaraunean. Iparra: atarramendu ekonomikoa. Gai hori mahaiaren gainean, goizean goizetik dihardute adituek telebistaren bueltan. Euskarazko ereduak aztertzen dabiltza uneotan Huhezin. Mahaingurua livestream.com/huhezitb helbidean jarrai daiteke.

Telebista eta internet, egun bi plataforma berezitu, baina geroago baino lehen, bat eginda; dagoeneko bien arteko mugak lausotuaz. Bere bidea sarean aspaldi hasi zuen telebistak baina oraindik ere igarle lanetan dihardute adituek, eredu eta etekinerako modu garbi baten esperoan. Eta, ezin bestela, zuzenean emititzen dabiltza jardunaldiok sarean eta bertatik egin dakioke jarraipena une honetan dagoen mahainguruari, euskarazko ereduei buruzkoa Iban Arantzabal (GOITB) Jexux Mari Irazu (Bertsoa.com) eta Iñako Gurrutxagarekin (ETB3). Arratsaldekoa Gorka Julio, alias Teketen sareko ekintzaileak gidatzen du. 

Saioak, baina, goizean goiz hasi dira. Ruben Sanchez Lost in TV edota Nickdutnik ekimenen sustatzaileetako bat, Louis Phillipe Dominguez open source proiektuen dinamizatzailea eta Gonzalo Martin adituek jardun dute gaur goizean amarauneko ikus-entzunezko garapen eta ereduen inguruan Huheziko fakultatean Eskoriatzan. 

Telebista eta internet, interneteko telebista edota telebistako internet, bilakaera hobeki bilduko duen berbaren zain, 140 lagunetik gora elkartu dira Huhezin. Balorazioa hortaz, "oso positiboa", Joxe Areantzabal irakasleak goizeko saioan ikusitakoa ikusi eta gero. Esparru zabal eta interesgarritzat jo du Arantzabal hedabideetan adituak gaur ezagutzen dabiltzana eta, are gehiago, "interesa duen jende asko dabilena". Profesional, hezitzaile eta adituez dihardu Arantzabalek, kanpotik jardunaldietara gerturatutakoak. "Pozik" beraz aurtengo gaiak piztu duen jakin-minarekin.

Salto hitza aitatzen du Arantzbalek, telebistak nola egin behar duen internetera jauzi, alegia, eredu garbirik eta, batez ere, biziriraupenerako ezinbestekoa den, aterabide ekonomikorako bide argirik ez dagoenean. Zalantzak, beraz, gaur egun osoko saioetan argitzen saiatuko direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak