Prest dago 'Kantari' ikuskizunaren abestia

Iker Barandiaran 2007ko uzt. 12a, 18:35
'Debagoienean Kantari' ikuskizuna ia puntuan dago. Debagoieneko 8 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoendako karaoke ikuskizuna da. Goienak antolatu du, eta Kutxa Gaztetxoen Elkartea da horren babesle nagusia. Datorren astean hasiko dira parte-hartzaile guztiei CDak banatzen. CD horietan talde bakoitzari egokitu zaion kantua, ikuskizunean abestu beharko dutena hain zuzen ere; eta Kantari-rako espresuki konposatu dutena izango dira entzungai, besteak beste.

Abestia

Ikuskizunari izena ematen dion kantua Domentx Uzin eta Txus Arriaran musikariek asmatu eta konposatu dute, baita hitzak idatzi ere. Horrez gain, Kantari-ko aurkezle Amaia Txintxurreta oñatiarrak ahotsa grabatu du kantuan. Ikuskizun guztietan erabiliko dute kantu hori.  
Horrez gain, Goienako lan-taldeak beste 35 abesti egokitu ditu; ume eta gaztetxoek ikuskizunetan abestu beharko dituztenak.

Ez da lehiaketa bat

Debagoienean Kantari ez da lehiaketa bat, karaoke ikuskizuna baizik. Ez da ume eta gaztetxoen arteko lehiarik egongo, ezta irabazle zein galtzailerik ere ez. Parte hartzaile guztiak izango dira irabazleak; guztiek izango dute-eta agertoki gainean abestu eta dantzatzeko aukera.

Hasieran Goienaren asmoa zen parte-hartzaileen artean zozketa egitea, baina ekimenak izan duen harrera ikusita, izena eman duten guztiei aukera ematea erabaki dute, nahiz eta jakin ahalegin berezia eskatuko duela.

Ikuskizunean 572 ume eta gaztetxok eman dute izena; eta guztiek izango dute esku hartzeko aukera, 162 taldetan banatuta. Taldeak gehienez lau lagunez osatuta egongo dira.

Uda ostean, entseguak

Azken egunotan Goienako lan-taldea ibili da parte-hartzaile guztiei deitzen. Hala, kantuen CDak banatzeko hitzorduak egingo dituzte parte-hartzaileen herrietan, hain zuzen ere.

Hortaz, ume eta gaztetxoek uda izango dute ikuskizunean abestuko dituzten kantuak ikasteko aukera: egokitu zaien kantua; eta Kantari-ko abestia, biak. Iraila eta urria bitartean, berriz, herriz herri entseguak egingo dituzte koreografiak ikasteko Debagoieneko hainbat herritan. Horretarako, dantza irakasle adituak lagunduko ditu gaztetxoak.

Ikuskizunak aretoetan

Hala, behin kantuak eta koreografiak ikasita, ikuskizunen txanda helduko da urritik azarora bitartean. Bergarako eta Antzuolako gaztetxoek Bergarako Jam aretoan egingo dituzte ikuskizunak; arrasatearrek eta aramaioarrek, Arrasateko Amaia Udal Antzokian; oñatiarrek Oñatiko gaztelekuan; eta aretxabaletarrek eta eskoriatzarrek Eskoriatzako HUHEZIko aretoan, hain zuzen ere. Areto bakoitzean bina ikuskizun egin beharko dituzte, izena eman duten ume eta gaztetxo guztiek agertoki gainean esku har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak