Etxeratek euskal presoen argazkiak erakusteko aukera izango du bihar, hilaren 28an eta hilaren 29an Arrasaten egitekoak dituen kontzentrazio isiletan. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenak eman dio baimen hori bere ustez ez dagoelako 'nahikoa' arrazoitua presoen argazkiak erakustearen eta terrorismoa goratzearen edo biktimak iraintzearen artean dagoen harremana..
Herrizaingo Sailak presoen argazkiak ez erakustea jarri zion baldintza Etxerati ekitaldiak egin ahal izateko, baina epaileek baliogabetu egin dute orain erabaki hori eta Herrizaingo sailetik ezingo dute aurkako helegiterik jarri.
Atestatuak
Eusko Jaurlaritzak ETAko presoen argazkiak eta kartelak kentzeko kanpaina abian jarri zuenetik, Justiziak Herrizaingo Sailaren kontrako ebazpen bat ematen duela lehenengo aldia da honakoa.
Erabakia 'akats izugarria' dela adierazi du Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek. Arrasateko ekitaldiak egin egingo direla esan du, baina gertutik zainduko dituztela ere jakinarazi du. Ohartarazi du beharrezko atestatuak zabalduko dituztela Auzitegi Nazionalera bidaltzeko. Bihar bertan egingo du Etxeratek lehenengo ekitaldia Arrasate. Hileroko azken barikuko kontzentrazioa, hain zuzen ere.