Preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldiak hunkitu egin ditu senideak

Goiatz Arana Begiristain 2009ko mai. 17a, 20:11
Jon Agirre aramaioarrak kartzelan daramatzan 28 urteak abiapuntu hartuta eta Portaloira Topaguneak deituta, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatu zituzten zapatuan, Arrasaten. 'Heriotza zigorrik ez! Biziarteko zigorrik ez! Euskal presoak Euskal Herrira' lelodun pankartarekin herriko kaleak zeharkatu eta Amaia antzokira jo zuten, ekitaldiari hasiera emateko. Sakabanaketa, bizi osoko kartzela zigorra eta bakartzearekin bukatzea eskatu, eta elkartasuna adierazten dietenen kontrako jazarpena areagotu egin dela salatu zuten.

Lagun eta senitartekoek aramaioarrarekin bizi izandakoak gogoratu zituzten, baita hura espetxean den 28 urteotan euren bizitzetan zertzuk gertatu diren kontatu ere, eta 1981eko maiatzaren 11n Guardia Zibilak atxilotu zuenetik kartzelaz kartzela egin duen ibilbidea erakutsi zuten. Sakabanaketa politika, isolamendua eta jipoiak jasan behar izan dituela salatu zuten; baita zigorraren hiru laurdenak beteta izan eta osasun egoera larrian egon arren, kartzelan jarraitu behar izatea ere. Baina Agirrek guzti horri duintasunez eta nor den ahaztu gabe aurre egin diola gaineratu zuten. "Euskal Preso Politikoen Kolektiboa inoiz baino gehiago ari da jasaten gorroto politikaren ondorioak, baina gure herrietako plaza, ikastetxe, mendietan… ilunpea egunero argitzen dugu, ikasi dugulako hormak apurtzeko dinamitak baino indar handiagoa dutela maitasun keinuek eta eguneroko lanak", azaldu zuten.

"Espainiar Guantanamo"

Portaloira Topagunearen hitzetan, PSOE-k apustua garbia egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboa suntsitzeko: "Horrek ez du Guantanamo beste izenik, eta Jon Agirreren irudiak oso ondo erakusten du espainiar Guantanamoren neurria zein den". Baina "jazarpena" ez da espetxetara mugatzen, euren esanetan: "Presoekiko elkartasuna terrorismotzat jo, epaitu eta zigortu egin dute, baina elkartasun gehiagorekin erantzungo dugu".

Babesa eta berotasuna helarazi zieten Debagoieneko preso eta iheslari politikoen senideei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak