Preferente mailan, UDAk irabazi egin du eta Mondra eta Aloñak berdindu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko irailaren 23a

Ligako hirugarren jardunaldian, UDAk irabazi egin du Zestoaren aurka (0-1). Mondrak hiruna berdindu du Eibartarrak taldearen aurka; eta, Aloñak etxean 3-3 egin du Euskaldunarekin.

Euskaldunak lehenengo zatian sartutako hiru golei aurre egin, eta, partidua berdintzea lortu zuen atzo Aloñak Azkoagainen.
Etxean jokatu duten denboraldiko bigarren partidua maldan gora jarri zitzaien oñatiarrei lehenengo 20 minututan. Lehia hasi bezain laster egin zuen lehenengo gola Euskaldunak: Pontestak egin zuen, 9. minutuan. Gero, Artolak bigarrena egin zuen eta azkenik, Berruetak sartu zuen hirugarrena. Euskaldunak ez zuen aparteko jokorik egin, baina, hiru bider iritsi ziren Aloñako atera eta hiruretan egin zuten gola. Partidua erabakita zegoela zirudien; baina, Aloñak, etxekoen aurrean, itxura ona eman gura zuen eta buru belarri egin zuten lana jokalariek lehia aurrera ateratzeko.

Atsedena aurretik, gola

Hala, atsedenera iritsi baino lehenago, Aloñak lehenengo gola egin zuen; Unai Arregik penaltiz egin zuen gola.
Bigarren zatian, etxekoak guztiz indarberrituta atera ziren. Zelai erdiaren jabetza hartu zuten eta aurrera egin zuten, garaipenaren bila. 10. minutuan, Xabi Caminok, buruz, gol bikaina lortu zuen. Gero, Jon Igartuak eta Xabier Elgarrestak hirugarrena egiteko aukera izan zuten baina ezerezean geratu ziren jokaldiak. Azkenik, Iker Olaldek egin zuen berdinketaren gola. Lehia amaitu aurretik, etxekoek hiru puntuak irabazteko aukerak izan zituzten, baina, azkenean puntu bakarra geratu zen Azkoagainen.

Mondrak 3-3 berdindu zuen

Mondrak ere hiru goleko errenta berdindu zuen zapatuan Unben; 3-0 galtzen joan ondoren, arrasatearrek bigarren zati ona egin zuten eta puntu bat ekarri zuten etxera. Unben jokatutako lehian, etxeko taldea gehiago izan zen, batez ere lehenengo zatian. Eibarreko jokalariak indartsu atera ziren zelaira eta Arrasatekoak baino hobeto aritu ziren. Zelai erdiaren jabetza hartu zuten; baloia ondo mugitu zuten zelaiaren alde batetik bestera eta jokaldi politak egin zituzten. Zelai erdian egindako presioaren ondorioz etorri ziren etxekoen golak. Lehenengoa, zazpigarren minutuan izan zen: Enrikek sartu zuen. Bigarrena, 16. minutuan, Franciscok lortu zuen. Hala, lehenengo ordu laurdenean, etxeko taldeak errenta polita lortu zuen markagailuan. Hirugarren gola, 32. minutuan egin zuen Jonek. Arrasatearrek jokoz kanpoa eskatu zuten arren, epaileak jokoa jarraitzeko agindua eman zuen. Partidua erabakita zegoela ematen zuen; izan ere, 3-0eko errenta gainditzea zaila zirudien. Bigarren zatian, partiduaren nondik norakoak guztiz aldatu ziren. Arrasatearrak indartsu atera ziren zelaira eta jokoaren kontrola hartu zuten; hala, hiru gol egin eta berdintzea lortu zuten. Mondraren lehenengo gola Iker Lopezek egin zuen, 54. minutuan; eta, bigarrena, Ekainek sartu zuen. Lehia amaitzeko bi  minutu falta zirela lortu zuen Mondrak berdinketa: Julen Herizek sartu zuen gola, 88. minutuan, hain zuzen. Zapatuko puntuarekin, Mondrak 7 puntu ditu sailkapenean eta bigarrenak dira.

UDAk hiru puntu ekarri zituen Zestoatik

Hirugarrenen jardunaldian lortu ditu UDAk ligako lehenengo hiru puntuak; zapatuan, Zestoaren aurkako lehian 0-1 irabazi zuen Igor Arenazaren taldeak. Azken bi partiduetan ez dute irudi ona eman aretxabaletarrek; eta, gainera, ez dute punturik lortu. Gogoratu, lehenengo partiduan, 2-0 galdu zutela Donostiako Vasconiaren aurka. Aurreko astean, berriz, etxean, 2-4 galdu zuten Aloñaren aurka. Hori dela-eta, ezinbestekoa zuten UDAkoek garaipena lortzea. Zestoan lortutako hiru puntuekin, UDAk arnasa hartu du datorren asteko partiduari begira: Hernaniren aurka jokatuko dute Ibarran. Orain, sailkapeneko 15. postuan daude, hiru punturekin.





ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak