Plastikozko eguzki-plakak egiteko proiektu baten dihardu Ikerlanek

Aintzane Irizar 2007ko irailaren 20a

Arrasateko Ikerlanek parte hartzen duen HOPE proiektua aukeratu du Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Consolider programan. Programa horren helburua da zientziaren hainbat alderdi estrategiko bultzatzea. 73 proiektu aurkeztu ziren eta 27 aukeratu dituzte, tartean, HOPE izeneko hau. Kontuan hartu behar da ministerioaren babesa lortzeko beharrezkoa izaten dela ondo finkatutako ikertzaile taldeak izatea eta kalitatezko ibilbide profesionala izatea.


Talde sendoa

Ikerlan ik4 izeneko sare estrategikoan dago. Sare horiek sortzen dituzte elkarrekin lan egiteko, ikerketetarako osagarriak diren enpresek eta zentroek. Donostiako Cidetec teknologia elektrokimikoen zentroa ere ik4 sarean dago. Biek parte hartzen dute HOPE proiektuan, Espainiako beste 10 zentro eta unibertsitaterekin batera. Castelloko Jaume I unibertsitateko Juan Bisquert irakaslea da proiektuaren zuzendaria eta koordinatzailea. Ikerlaneko HOPE proiektuaren arduraduna da Roberto Pacios.

Proiektuan parte hartzen duten gainerakoak honakoak dira: Institut Català d' Investigació Química (Tarragona); Universidad de Castilla La Mancha (Toledo); Universidad Miguel Hernández de Elche; Universitat d`Alacant; Universitat Politécnica de Cataluña; Institut de Ciéncies Fotóniques (Bartzelona); Universidad Politécnica de Cartagena; Universidad Pablo Olavide de Sevilla eta Universitat Rovira i Virgili de Tarragona.

Siliziotik plastikora

HOPE proiektuaren helburua da plastikozko eguzki-plakak egiteko ikerketak egitea. Lau urte iraungo du taldearen lanak eta proiektuaren aurrekontua da lau milioi eurokoa. Aurrekontuaren zati bat Espainiako Gobernuak finantziatuko du.

Gaur egun ekoizten diren eguzki-plaken %94 dira siliziozkoak; alternatiba berria ekarriko luke, hortaz, plastikoak, eguzki-plaken merkatura.

Plastikoaren abantaila nagusia izango da kostuak gutxituko direla. Silizio eskasiarik ez dago; alderantziz, asko dago naturan. Kontua da oso konplexua dela eguzki-plaketarako olatak ekoizteko silizioa purifikatu eta tratatzeko prozesua. Prozesu konplexu horrek izugarri garestitzen du eguzki-plaken kostea. Gainera, ekoizle gehienak ekialdeko herrialdeetakoak dira eta Europak dependentzia handia du.
Plastikozko eguzki-plakek ekarriko duten beste abantaila  bat izango da elastikoak, malguak, izango direla. Baita gardenak ere. Horrela, leiho, teilatu edo balkoietan jarrita, ez dute begi-inpakturik eragingo.
Malgutasunak bestelako erabilpenetarako egokiak egingo ditu eguzki-plakak. Roberto Pacios Ikerlaneko proiektuko arduradunak adibide hau jarri du: "Poltsikoko telefonoak kargatzeko erabiliko dira; plastikozkoak izango direnez, malguak eta bihurkorrak, tolestatu eta poltsan sartzeko moduko plakak izango dira. Hortaz, bateria kargatu beharra dugunean, nahikoa izango da plaka eguzkitan jartzea eta telefonora konektatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak