Pilotako Udaberri txapelketa bergararrendako

Mirian Biteri 2009ko api. 5a, 22:21
Udaberri Txapelketako senior mailetako finalak jokatu dituzte gaur eguerdian Bergarak eta Eskoriatzak Bergarako udal pilotalekuan. Lehenengo mailan, Eneko Mugurutza eta Jon Larrañaga bergararrek Usurbilgo bikoteari 22-15 irabazi diote. Bigarren mailan, eskoriatzarrek galdu dute eibartarren aurrean.


Lehenengo bigarren mailakoen partidua jokatu zen Bergarako udal pilotalekuan. Saiatu baziren ere, Eskoriatzako Eneko Zubizarretak eta Alex Oiartzabalek ezin izan zuten Eibarko Igor Egañarekin eta Aitor Etxanizekin eta 22-13 galdu zuten norgehiagoka.

Eibarko bikoteak debagoiendarrak menderatu zituen hasieratik. 04-01 irabazten hasi ziren gorriak eta lehenengo atseden unea eskatu zenerako 10-04 zeuden aurretik eibartarrak. Hurrengo bi tantoak urdinendako izan ziren eta horrela, markagailuan apur bat gerturatzea lortu zuten eskoriatzarrek.

Baina, hortik aurrera, ezer gutxi egin ahal izaten zuten. Zubizarretari ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera eta aldea nabarmen handitu zen; hurrengo atsedenera 14-07 iritsi ziren. Itzuleran, pilota aldatu zuten eta horrekin 15-09 tantoarekin udal pilotalekuan bildu zirenen txaloak eragin zituzten eskoriatzarrek. Azkenean, esan bezala, 22-13 galdu zuten.

Mugurutza eta Larrañaga

Lehenengo mailan, askoz hobeto ibili ziren Eneko Mugurutza eta Jon Larrañaga bergararrak. Parean Usurbilgo Julen Urrozolak eta Jabier Sanchok osatutako bikotea izan zuten atzoko finalean. Partidua nahiko berdinduta hasi zen.

Lehenengo tantoa bergararrendako izan bazen ere, laster hiru puntuko aldea atera zion Usurbilgo bikoteak debagoiendarrari. Bergararrak, baina, partidua berdindu eta Sancho aurrelariaren huts egiteei esker, 07-04 aurretik jarri ziren etxekoak. Ondoren, usurbildarrek partiduari buelta eman zioten, 08-09 lortuz.

Hortik aurrera bergararrek menderatu zuten norgehiagoka. Mugurutza indartsu zegoen eta tanto onak lortu zituen. Markagailua 20-13 zegoenean finaleko tantorik onena egin zuten etxekoek. Azkenean, Mugurutzak eta Larrañagak 22-15 irabazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak