Pertsonala egokitzea eta lanorduak gehitzea, Mondragon Taldearen neurri posible batzuk

Txomin Madina Milikua 2008ko abe. 12a, 14:39
2009ko plan orokorra idazteko Mondragon Taldeak egin duen txostenean azaltzen denez, egun bizi dugun krisia luzerako doa eta hala, hainbat gomendio egiten dizkie Taldeko enpresei. Besteak beste, txostenean gomendatzen da eskari eta beharren araberako pertsonalaren egokitze azkarra, lanorduen gehitzea eta aparteko ordainsarien eta interesak kobratu ala ez aztertzea. Enpresak ixteari ez dizkiote ateak ixten.

Mondragon taldeak bere barnean hartzen dituen 260 enpresendako idatzitako txostenean azaltzen duenaren arabera, 2007an hasitako finantza eta higiezinen krisia hedatu egin da aurten gainerako jarduera ekonomiko guztietara. Besteak beste, kredituen eskuragarritasun faltagatik eta enpresa eta kontsumitzaileen mesfidantzaren ondorioz gertatu dela hori dio txostenak.

Egoera honen aurrean, txostenak hainbat esparru ekonomiko aztertzen ditu: eraikuntza, kontsumorako ondasunak, osagai industrialak eta enpresa zerbitzuak. Bertatik hainbat ondorio ateratzen dira; besteak beste, automozioan eta etxeko tresna elektrikoen sailean desazelerazioa egongo dela. eta komertzio, turismo eta garraioan moteltzea..

Txostenean esaten da egungo krisia ez dela ibilbide motzekoa izango eta hainbat urte iraungo dituela. Gaineratzen du Estatuko merkatua izango dela kaltetuenetakoa. Taldearen operazioen %44 hartzen du estatuak.

Neurriak

Egoera honen aurrean, neurriak azkar eta atzeratu gabe hartu beharra azpimarratzen du txostenak, eta nagusi eta  zuzendarien aldetik, egoerari aurre egiteko jarrera berria eta eraginkorra beharko dela. Azken urteotako egoera ekonomiko onak ekarri dituen inertziekin haustea ere planteatzen da, txokezko neurriak hartuz. Esaten da baita ere, epe laburreko eragina duten erabakiak hartu behar direla, baina etorkizuneko gaitasunak eta aukerak baldintzatu gabe.

Hala, eta datorren urtean eman daitekeen produktibitatearen gutxitzea dela eta, pertsonalaren egokitze azkarrak egitea da aholkua, eskari maila berrien araberakoa. Egokitze hauek selektiboki eta ikuspegi estrategiko bat jarraituz egitea aholkatzen da era berean. Produktibitatea hobetze aldera, egutegiko lanorduen igoera era aurreikusten du txostenak.

Honetaz gainera, gaueko edo jaiegunetako plusak kendu edo izoztea ere planteatzen da, baita aparteko ordainsariak eta interesak ordaindu edo ez aztertzea ere.

Inbertsioak produktibitatearen eta kostuaren hobekuntzara bideratu beharra ere azpimarratzen du txostenak,  egoera berrira egokituz. Zailtasunak dituzten kooperatibak berbideratzea, berregituratzea edo ixtea prozesu azkarren bidez erabakitzea ere planteatzen da.

Kanpoko merkatuetara begira ere jartzen da txostena. Hala, Brasil, Errusia, Txina, India edo Europa Ekialdeko merkatuetan presentzia handitu beharra nabarmentzen da, eta baita merkatu berrietatik hornitzea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak