Urizar zinegotzia da Arrasateko Udalean, eta urte asko darama alderdian lanean. Urizarrek jakinarazi du zinegotzi izaten jarraitzeko asmoa daukala, bateraezintasunik ez dagoelako eta berak ulertzen duelako konpromiso bat daukala Arrasateko herriarekin. Ahal duen bitartean, bi lanak bateratuko ditu arrasatearrak.
Urizarrek azpimarratu du euskal alderdiek hausnarketa egiteko ordua dela; hala, euskal alderdien arteko antzekotasunak aurkitu eta elkarlana bultzatzea da arrasatearraren helburuetako bat.
Elkarrizketa
Idazkari nagusia zara. Pozgarria izan behar da hala aukeratua izatea...
Batzar nagusirako eta batzorde eragilerako hautagaitza bakarra egon da, gurea. Hortaz, bozketa barik onartu da. Eta pozgarria da, ikusten delako guztion artean ahalegina egin dugula. Hainbat zailtasun izan ostean, kritika eraikitzailea egin dugu eta denok aurrera egin gura dugu zentzu berean.
Arrasateko zinegotzi karguarekin, zer asmo daukazu?
Printzipioz, ez dago bateraezintasunik, eta nik ulertzen dut konpromiso bat daukatela Arrasateko herriarekin. Ahal dudan bitartean, jarraitzeko asmoa dut.
Alkarbide sortu izanak neurri baten EA ahuldu du, baina epe ertainera alderdia indartu egingo du, hala?
Ez da sekula pozgarria izaten bidelagunak galtzea, baina egoera argitu egin da eta ikusi da orain gaudenok zentzu berean tiratuko dugula. Nekagarria izan da alderdiak erabakitakoa beti ez errespetatzea. Orain, jendea ilusioarekin dago.
Zeintzuk dira EAk emango dituen hurrengo pausoak, epe motzean dituzuen helburuak?
Beste alderdi abertzaleekin batera, hausnarketa egin beharrean gaude alderdi estatalek Euskal Herria estatu gai nagusi dutelako. Aztertu behar dugu zergatik euskaldunok ez garen gai akordioak egiteko.
Eta zuek subiranotasunaren alde jarraitzen duzue, ezta?
Bai. Sekula ez dugu hori alde batera utzi. Lehenengo kongresuan hala adostu genuen, estatu independente bat sortu gura genuela. Ibarretxerekin gutxienekoetan bat egiten genuen, baina orain EAJk ez du hori gura.
Helburu horren bidean, beste alderdiekin elkarlanik aurreikusten duzue?
Elkarlana beti da komenigarria. Giza eskubideei eutsita eta bide politiko eta demokratikoak erabilita, euskal alderdiok dauzkagun antzekotasunak aurkitu eta batera lan egin behar dugu.