Patxi Uribarren aramaioarra, euskaltzain oso

Edu Mendibil 2008ko ira. 27a, 21:37
Patxi Uribarren aramaioarrak Henrike Knörr zenaren aulkia beteko du Euskaltzaindian. 1971n euskaltzain urgazle izendatu zuten; orain lexikologian, euskalkien azterketan jardungo du Euskaltzaindian.


Patxi Uribarren Leturiaga karmeldarra 1942an jaio zen Aramaion; Filosofia eta Letretan eta Teologian lizentziaduna da eta 1971n euskaltzain urgazle izendatu zuten, Aramaion bertan. Bizkaiko Diputazioan itzultzaile lanetan jardun zuen 1983tik joan zen urtera arte. Euskararen inguruko lanen artean, besteak beste, Aramaioko toponimiari buruz egindako tesia egina du.

Euskal lexikologiaren azterketaz arduratzen den Bostak Bat elkarteko sortzaileetariko bat izan zen Uribarren eta Santutxuko gau-eskoletako koordinatzaile hamabi urtez jardun zuen. 1976an Deustuko Irakasle Eskolan sartu zen, euskararen irakaskuntza antolatuz. Erretiratutakoan 3000 hiztegia osatzeari ekin zion. Esan bezala, Henrike Knörrek utzitako lekua beteko du Uribarrenek. Egubakoitzeko bozketan Blanca Urgellek baino boto gehiago jaso zituen. Uribarrenen alde egin zutenak hauek izan genituen: Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean-Louis Davant. Urgellek, berriz, Patxi Goenagaren, Joseba Lakarraren eta Miren Lourdes Oñederraren babesa jaso zuen. Uribarrenen hitzetan, "oso gustura nago. Knörr plazagizona zen, jendaurrean hitz egiteko balio zuen, baina nik nahiago dut ikerketa lana. Lexikologian, euskalkien azterketan eta horrelakoetan jardungo dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak