Arrasateko Mireia Muruamendiaraz, Mari Carmen Sanchez, Mari Angeles Lasaga, Agustin Carmona eta Gabriel Basterrarekin elkartu gara gaurko egunaz berba egiteko.
Gehienek esan digute, urtea bisurtea ez denean, aurreko egunean ospatzen dutela urtebetetzea; hau da, otsailaren 28an. "Hala, hilea behintzat errespetatu egiten dugu", esan du Mireia Muruamendiaraz Arrasatekoak. "Gainera, nire betiko lagun bat otsailaren 28koa da eta harekin batera ospatu izan dut", gaineratu digu. Arrasateko Agustin Carmonak, berriz, urtea bisurtea ez bada ez du ospakizunik egiten. "Ni 29koa naiz; hortaz, hileak ez badu 29rik, ez dut ospatzen. Aurten, baina, ospakizun handia egin beharko dut", azaldu digu Carmonak aurten zer egingo duen galdetzean.
Urteak, launaka
Lau urtean behin betetzen dituztenez urteak, adina launaka zenbatzeko ohitura duenik ere badago. Bergarako Justi Larrañagak, esaterako, 18 urte dituela esan digu: "Baina, 50 urteko semea daukat", gaineratu du barrezka. Agustin Carmonak ere 17 urte dituela esan digu.
Mireia Muruamendiarazek, berriz, hauxe esan digu: "Oraindik ez naiz launaka zenbatzen hasi, baina etorriko da garaia!".
Zorionez edo zoritxarrez, egun berezian jaiotzea egokitu zitzaien guztiei; hala, badakite bereziak direla. Nork bere istorio eta bitxikeriak ditu kontatzeko, baina guztiek dute zerbait komunean: gaur urteak betetzen dituztela. Bada, zorionak eta urte askotarako!