Orni eta Dakigu lege konkurtsalean sartu dituzte; Polmetasan, EREa aplikatzen hasi dira

Txomin Madina Milikua 2009ko ots. 20a, 18:25
Orni eta Dakigu enpresetako langileek manifestazioa egin zuten atzo Bergaran zuzendaritzak enpresa ixteko hartu duen erabakia dela eta. Arrasateko Polmetasan, bestalde, astebete daramate enplegu erregulazio espediente egoeran; sindikatu eta enpresako zuzendaritzak adostutakoa izan da gainera berau.

Orni eta bere barruan dagoen Dakigu enpresako langileek adierazi digutenez, zuzendaritzatik ez dute egin ahaleginik enpresaren jarraipena ahalbideratzeko, eta zehaztu dute langile bakoitzari 4 nomina zor dietela; urriaz geroztik ez diotela ekarpenik egin GEROA-ri eta ez direla Gizarte Segurantza ordaintzen ari.

47 langile dituzte egun bi enpresek eta gaineratu dute, kobratu ez arren, langileek euren lanpostura joan behar dutela egoera argitu arte. Esan dute era berean, azken urteotan Orniren jabeek irabazi handiak izan dituztela, besteak beste, Eroskiri lurrak saldu izanagatik, baina enpresan ez dutela dirurik ikusi.

Langileek uste dute enpresak aurrera jarraitzeko aukerak daudela, baina uste dute jabeek momentuko egoeraz baliatu gura dutela enpresa ixteko. Atzoko manifestazioaz gain, mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte.

Enpresaren jabeekin harremantean jartzen saiatu gara, baina ezin izan dugu lortu.

Polmetasan EREa

Arrasateko Polmetasan, bestalde, astebete daramate enplegu erregulazio espediente egoeran; sindikatu eta enpresako zuzendaritzak adostutakoa izan da gainera berau. Eskarietan %50eko jaitsiera egon dela eta, behin behineko langileen lanpostuak zalantzan zeuden, eta adostutako ERE honi esker, lanpostu guztiak mantendu egingo dira.

Uztaila amaiera bitartean, 30 lanegunetan ez dute lanik egingo langileek, eta konplementuekin, %80a kobratuko dute langileek. 230 langile inguru daude lantegian, eta denei eragingo die enplegu erregulazio espedienteak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak