Udaleko iturrien arabera, 1.506.825 euro jasoko dituzte aipatutako lursailaren salmentagatik. MUk ez luke behar duen 7 milioi euroko kreditua eskuratuko lursailaren jabegoa ez badauka, eta hori dela eta lursaila salmentara ateratzea erabaki du Udalak. Tanteo eskubidea ziurtatu du Udalak etorkizunera begira.
Mondragon Unibertsitateko campus berriak 20.000 metro koadroko azalera izango du. 8.752 metro koadroko azalera eraikiko dute eta horietatik 6.363 m2 erabilgarriak izango dira.
Eraikin modernoa
Eraikin berriak auditorioa, 27 gela, laborategia eta gela informatikoa, ikerkuntzara zuzendutako beste hiru gela, liburutegia, bulegoak, batzarretarako sei sala eta kafetegi-jatetxea izango ditu, besteak beste. Bestalde, 200 auto aparkatzeko tokia izango du campus berriak. Mondragon Unibertsitatearen helburua zera da: kooperatiben eta ekonomia sozialeko enpresen ikerkuntzan eta formazioan nazioarteko erreferenteetako bat izatea.
2010erako, gertu
MUko Enpresa Zientzien Fakultateak campus berria 2010eko irailerako gertu izatea nahi du. Izan ere, 50 urte beteko dira orduan Eteoko abian jarri zutenetik. Esan bezala, datozen asteotan lanak hasiko dituzte, laguntzak jaso ahal izateko urtea amaitu baino lehen hasi behar dira-eta.