Oñati izan da aurten ere bailaran turista gehien jaso dituen herria

Arritxu Barruso 2007ko abu. 28a, 16:25
Debagoienako herritarrak oporretara kanpora joan diren arren bada bere oporrak gure bailarako parajeak bisitatzeko aprobetxatu dituenik. Kataluniatik, esaterako, jende mordoa etorri da Debagoienako txoko desberdinak ezagutzera.

Urtero moduan Oñati izan da turista gehien jaso dituen herria. 5000 pertsona inguru gerturatu dira bertara eta horietatik 1500ek bisita gidatuak egin dituzte. Kataluniatik ia 800 pertsona etorri dira, Madrildik ia 400 eta Balentziatik 250 pertsona inguru. Baina euskaldunek ere erakutsi dute Oñati ezagutzeko interesa. 1700 euskaldunek bisitatu dute aurten Oñati. Bestetik, herria  zaintzen gelditu diren oñatiar askok ere euren herriko txokoak hobeto ezagutzeko bisita gidatuak egin dituzte uda honetan.

Arrikrutzko kobetan ere jende ugari ibili da uda honetan. Honez gero 9000 pertsona inguru izan dira Arrikrutzko harri bitxia bisitatzen.

Eskoriatzako Ibarraundi museoa da bailaran turista dezente jasotzen dituen beste puntuetariko bat. 200 turista inguru gerturatu dira bertara. Ibarraundi museoko arduradunek azaldu digute Euskal Herritik etorri dela jende gehien baina Kataluniatik ere turista asko etorri dela.

Gatzagako Gatz Museoan, bestetik, joan den urteetan baino tursita gehiago izan dituzte. Bertako arduradunek adierazi digutenez antolatutako bost talde handi joan dira museora eta ondorioz bisitarien datua beste urte batzuetan baino nahi altuagoa da. Euskaldunak izan dira Gatzagara gerturatu diren gehienak, baina Burgos eta Kataluiniatik ere etorri da jendea.

Bergarako turismo bulegoan oraindik ere ez dituzte jasotako turisten inguruko datuak kontabilizatu eta datorren astean emango dituzte ezagutzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak