Oñati, bertsolarien topaleku

Mirian Biteri 2010ko urt. 17a, 13:55
Oñatiko kaleek eta bereziki, tabernek Euskal Herriko hainbat txokoetatik iritsitako bertsolariak hartu zituzten atzo. Hamaika Bertute Eguneko ospakizunaren harira, 40 lagun inguru bildu ziren bertsotan jarduteko eta bide batez, egun paregabea pasatzeko.

Hitzordua 11:00etan zuten eginda, Antixenako parkean. Salda beroa esku artean zutela ezagunak agurtzeko eta lasai hitz egiteko aukera izan zuten orduan. Eguerdi partean, berriz, tabernaz taberna ibili ziren guztiak; konpainia ederrarekin gainera: Alproja antzerki taldearekin.

Iraia eta Asier zarauztarrek tabuak gaia landu zuten Oñatin eskainitako antzezlanean. Horretarako, 'tabu terapia' bezala aurkeztu zutena praktikatu zuten bertsolariekin batera. Taberna bakoitzean sketch bana egin zuten; guztira, zazpi izan ziren. Horien bidez, askotariko tabuak kanporatzen ikasi zuten gazteek; esaterako, puskerrak lotsa barik bota behar direla jakinarazi zieten.

Alproja taldekoez gain, trikitilari eta pandero-joleak ere Hamaika Bertutekoekin ibili ziren tabernaz taberna. Hala, antzezlanaren sketchak amaitzean, trikitiaren eta panderoaren soinu alaiak hartzen zuten antzezleen lekukoa.

 

Larrain Gainen bazkaria

Konturatu barik, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta apurka Narria auzorantz abiatu ziren guztiak, Larrain Gain elkartean gertu zuten-eta Iñaki Olaldek egindako bazkari gozoa. Hasteko, patata txorizoarekin eta jarraian, biribilkia saltsan. Postrerako tokia gorde beharra zegoen, ijito-besoa zuten-eta. Bazkaldu ostean, bertsotan jarduteko aukera izan zuten ostera ere.

Laugarren aldia

Oñatikoarekin laugarren aldia da Hamaika Bertute taldeko kideak elkartzen direla. Urtero Hamaika Bertute Eguneko ospatzen dute; aurretik Donostian, Durangon eta Zarautzen egin dute topaketa.

Bertsogintzak elkartu dituen taldea da Hamaika Bertutearena. Bertso saiotan jarduteko gogoz dagoen taldea da. Debagoienari dagokionez, Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra, Jokin Labaien arratsatearra eta Egoitz Aizpuru oñatiarra dira talde horretako kide. Hiru horietaz gain, bailarako bertso eskoletako beste hainbat gazte ere izan ziren Oñatiko Hamaika Bertute Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak