Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko uzt. 9a, 10:39
Aste bukaera iritsi da eta ekintzaz lepo dator. Musika, antzerkia jaiak eta bestelako ospakizunak izango dira nagusi ibarreko herrietan. Jarraian dituzue aste bukaera honetako kultura proposamenak:

Musika

Bergara
> Jose Agustin Gereñu 'Gere'-k diskoa aurkeztuko du zuzenekoan
Ostiral Musikalek antolatuta, Jose Agustin Gereñu Gere baxu-jotzaileak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza, Espoloian, 22:30ean. Kontzertu berezia izango da, La gran casa diskoa aurkeztuko du-eta. Sarrera doan da.

Arrasate

Brighton-etik (Ingalaterra) Arrasatera dator Levellers taldea. Hau da, punka eta Ingalaterrako folka ezin hobeto nahasten duen talde mitikoa izango da gurean. Arrasatekoa Euskal Herrian joko duen kontzertu bakarra izango da, gainera. Egubakoitzean 3 aretoan izango da kontzertua, hilak 9, 23:00etatik aurrera.

Bergara
> Udaleku Musikaletan ibili diren umeek emanaldia egingo dute
Musika Eskolak antolatutako Udaleku Musikaletan ibili diren 5-11 urte arteko 30 neska-mutikoek udaleku bukaerako emanaldia egingo dute. Europako hainbat herrialdetako kantuak eta dantzak egingo dituzte, eta herrialde batetik besterako bidaiaren antzezpena ere egingo dute.
Gaur, egubakoitza, Zabalotegi aretoan, 12:00etan.

Bergara
> 'Erromeriaren errege' Kupela taldekoek joko dute zapatuan
Larrañaga, Zabale eta Berastegi goierritarrak Arriskua maite diskoarekin datoz sankristobaletako erromeria girotzera. Umore ona, erromeria eta bertsoak uztartuko dituzte.
Bihar, zapatua, Aldai Egia auzoan, 23:00etan.

Eskoriatza
> Musika emanaldiak
egubakoitz eta zapatuan
Errekan Gora kultura egitarauaren barruan, honako kontzertuak izango dira: Gasteizko Bostarte haize boskotearena gaur, egubakoitza, Ibarraundin; eta kontzertu liriko instrumentala bihar, zapatua, Azkoaga Enea hoteleko terrazan.
Emanaldiak 22:30ean hasiko dira.

Elorrio
> Anariren kontzertua Musikaire jaialdiaren barruan
Anari bakarlariak kontzertua egingo du Musikaire egitarauaren barruan.
Gaur, egubakoitza, Argiñetan, 22:30ean.
Elorrio
> Amparo Sánchez musikariak kontzertua egingo du
Amparanoia proiektuarekin egin zen ezagun Amparo Sánchez. 2008ko nazioarteko bira handi batekin esan zien agur Amparanoiak zaleei.
Orain, barne-bidaia bat proposatzen du Sánchezek, bakarlari gisa oraingoan, Tucson basamortu nostalgikotik Kariberaino. Trova, jazz, bolero, blues eta son estiloen eragina jaso du.
Bihar, zapatua, Herriko Plazan, 22:30ean.

Antzerkia

Arrasate
> 'Habitus mundi' kale-antzerki saritua egingo dute
Udazabal programaren barruan, Habitus mundi kale-antzerkia emanaldia izango da, Gaupasa eta Nacho Vilar ekoizpen-etxeek eginda. Leioako Umore Azokan, Euskadiko Kale-Ikuskizun Onenaren saria eman zioten muntaia horri. Fraide batzuk dira protagonistak; mundua amaitzera doala sinistuta, ebanjelizatzera irteten dira, baina musikaren eta ikuskizunaren munduak irentsita bukatuko dute.
Gaur, egubakoitza, Seber Altuben hasita, 20:00etan.

Aretxabaleta
> Umeendako ikuskizuna egingo du Zirkun taldeak
Zirkun taldeak Tina izeneko ikuskizuna egingo du. 4 urtetik gorako umeendako egokia da. Sarrera doakoa izango da.
Hilaren 15ean, eguena, Arkupeko Zaraia aretoan, 17:00etan.
Elorrio
> Kabaret ikuskizuna egingo dute etzi, domeka
Madrilgo Le Petit Cabaret taldeak ikuskizuna egingo du, Elorrioko Musikaire egitarauaren barruan. Muchas noches… y buenas gracias delako ikuskizuna egingo dute Arturo Chillidak, Ana Gil eta Carlos Pérez antzezleek. Musika, abilezia, dantza, malabareak eta ezusteak taularatuko dituzte.
Etzi, domeka, Herriko Plazan, 22:30ean.

Jaiak

Oñati
> Astotrasto jaitsiko da gaur, egubakoitza, Trianako jaiak hasteko
Astotrasto 19:00etan jaitsiko da gaur. Bihar, zapatua, besteak beste, trikitilariekin pintxo-poteoa (20:00), Jai batzordearen afaria (21:00) eta Makulu Ken eta Skasti taldeen kontzertua (23:00) izango dira; eta domekan, herri bazkaria (15:00).

Antzuola
> Bizikleta lasterketa eta erretiratuen bazkaria  etzi, jaietarako giroa berotzen hasteko
Etzi, domeka, izango dira lehenengo ospakizunak Antzuolan, herriko jaien atarian: txirrindularitzako 65. Antzuola saria eta 28. Iñaki Lete Oroigarria jokatuko dute 09:30ean, eta erretiratuen bazkaria izango da 14:00etan, eta dantzaldia segidan, herri ikastetxean. Eguenean, hilak 15, hasiko dira herriko jai nagusiak, 12:00etan, kanpai-jotzearekin, umeen bertsoekin eta alkatearen hitzekin.
Lasterketa 09:30ean hasiko da; erretiratuen jaialdia, 14:00etan.

Ospakizunak


Aramaio
> Bertso afaria eta pilota partiduak, jaiak bukatzeko
San Martin jaiak amaitzeko, ekitaldi batzuk egingo dituzte aste bukaeran Aramaion. Hala, gaur, egubakoitza, bertso afaria izango dute Jon Maia, Julio Soto eta Manex Agirrerekin (21:30); eta bihar, zapatua, Aramaioko pilota eskolako mutilek lagun arteko partiduak jokatuko dituzte Arrasateko pilota eskolakoen aurka (10:30), eta pilota partiduak izango dira ilunkaran: lau t'erdikoak, banaka, jokatuko dituzte Larrañaga eta Iruretak; eta binakako partidua egingo dute Andreuk eta Uzkudunek Mendizabal eta Aldaperen aurka (21:30).
Bertso afaria gaur, egubakoitza, 21:30ean; pilota partiduak bihar, zapatua, 10:30 eta 21:30ean.

Zinema

Aretxabaleta
> Aratz taldearen 'Are-baleko sekretoa' film sariduna emango dute
Aratz taldeak (argazkian) Atzegiren film laburren lehiaketako saria irabazi du Are-baleko sekretoa lanarekin, eta hilaren 13an emango dute hura Arkupen (21:30); aurretik (19:30), John Anduezaren Simplemente emango dute.

Erakusketak


Bergara
> Juana Mari Gallastegiren argazkiak ikusteko aukera
Julian Gallastegi bergararraren alaba Juana Mari Gallastegi Atxukarrok Argazkiaren larruazala, bergarar baten aldeko omenaldia: Julian Gallastegi delako erakusketa dauka Aroztegi aretoan. Bisita ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan, 12:00-14:00.
Uztailaren 18ra arte.

Bestelakoak

Oñati
> Paperezko hegazkinen II. txapelketa egingo dute gaur
Paperezko hegazkinen txapelketa antolatu du Topalekuak. Teknikoki hegazkin ona egin eta haren irudia zaindu beharko du irabazi gura duenak. Izenematea zabalik dago txapelketa hasi arte.
Gaur, egubakoitza, Topalekuan (Gaztelekua), 18:00etan.

Eskoriatza
> Skate jaia uztailaren 16ra atzeratu dute
Joan den aste bukaeran egitekoak ziren Skate jai eta lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuten, parkeko elementuetan putzuak zeudelako eta patinek irrist egiten zutelako.
Skate lehiaketa egongo da bi kategoriatan: 12 urtekoendako eta azpikoendako (18:00-19:00) eta 13 urtekoendako eta hortik gorakoendako (19:30-20:30). Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira. Musikarekin girotuko dute jaia.
Uztailaren 16an, skate parkean, 18:00etan.

Oñati
> 'Oteiza eta Arantzazu' bisita gidatua egiteko aukera
Debagoieneko Turismo Informazio eta Interpretazio Zentroak antolatuta, Oteiza eta Arantzazu delako bisita gidatua egiteko aukera dago. Aldez aurretik eskaera egin behar da, 943 71 89 11 edo 943 79 64 63 telefonoetara deituta edo turismo@debagoiena.net helbidera mezua bidalita. Ohiko bisita gidatuak ere egiten dituzte, honako orduetan: 10:30, 11:30, 12:30, 16:00 eta 17:00.
Argibide gehiago, honako webgunean:
www.turismodebagoiena.com.

Debagoiena
> Aizkorrira egun osoko irteera egingo dute etzi, domeka
Arantzazuko Adiskideek antolatuta, egun osoko irteera egingo dute Aizkorrira. Irteera santutegiko kafetegian izango da, eta Aizkorriko gailurrera joango dira. Sei orduko ibilaldia da; eta beste bi hartuko dituzte Urbiako fondan bazkaltzeko. 800 metro igotzen dituen 16 km-ko luzera du.
Argibideak, 943 25 10 09 telefonoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak