Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko eka. 25a, 15:49
San Juanek jarraipena izango dute aste bukaeran Arrasaten eta Eskoriatzan San Pedroetarako motorrak berotzen hasiko dira. Bi herriotako ekitaldiez gain, beste herrietan ere izango dira musika, dantza eta bestelako ekintzak. Hemen duzue agenda:

Ikuskizunak

Arrasate

> Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna
Irrien lagunak ikuskizuna egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.
Gaur, egubakoitza, Monterron parkean, 19:00etan.

Bergara

> 'Gernika' dantza ikuskizuna egingo du Aukeran taldeak
Edu Muruamendiaratzek zuzentzen duen Aukeran dantza taldeak Gernika dantza ikuskizuna egingo du. Gernikako bonbardaketaren gaineko ikuskizuna da.
Bihar, zapatua, udal pilotalekuan, 22:30ean.

Musika

Aramaio

> Adarrots taldeak euskal folk kontzertua egingo du
Bizkaiko Adarrots taldeak euskal folk emanaldia egingo du. 2009. urtean, Mendebala Folk Jaialdiak antolatutako talde berrien IV. Lehiaketa irabazi zuten.
Gaur, egubakoitza, Sastiñan, 20:00etan.

Arrasate

> Kontzertu maratoia izango da Arrasateko txosnagunean
Arratsaldeko zazpietan, Gorroto (Aramaio), Golpe de Estado (Oñati) eta Dirty Brothers (Arrasate) taldeek joko dute; gaueko hamar eta erdietan, Cool Circus eta Governors-ek (Arrasate) egingo dute emanaldia.
Kontzertuak 19:00etan eta 22:30ean.

Bergara

> Anarik kontzertua egingo du etzi, domeka, Txapa Irratiak antolatuta
Anari bakarlariak kontzertua egingo du etzi, domeka, gaztetxean, 20:00etan. Txapa Irratiak antolatu du, eta, halakoetan egiten duen moduan, emanaldia zuzenean emango du FMko 97.25ean eta www.txapairratia.org webgunean.

Oñati

> 'Donibaneko gaua' delako kontzertua, Ganbara Gaztek
Ganbara Gaztek ikasturteko azken kontzertua egingo du: Donibaneko gaua: musika eta magia bat eginda delakoa. Udako solstizioa da gaia. Unibertsitateko hainbat lekutik, jendeak kontzertu berezia entzungo du: Erdi Aroko musika, euskal folklore mitologikoa…
Sarrera doan da, baina gonbidapena beharko da sartzeko; kultura etxean har daiteke.
Gaur, egubakoitza, Unibertsitatean, 22:30ean.

Ospakizunak

Antzuola

> Jinkana, arbola jasotzea, sagar-dantza, kale ikuskizuna eta gehiago, Kalebarrengo jaietan
Antzuolan ere jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran: Kalebarrengoak, hain zuzen ere. Honako ekintzak antolatu dituzte: bihar, zapatua, jinkana (12:00), arbola jasotzea (20:00) eta sagar-dantza (gauerdian); eta etzi, domeka, txistularien diana herrian barrena (10:00), Oinaringo dantzarien emanaldia (12:30) eta De bote en bote delako kale antzerkia Zurrategin (19:00).
Ospakizunak, bihar, zapatua, eta etzi, domeka.

Aretxabaleta

> Dantza eta musikarekin ospatuko dute Jaikiren ikasturte bukaera
Aretxabaletako Jaiki elkartearen dantza ikastaroan ibili diren ikasle eta irakasleek ekitaldia egingo dute eguaztenean, hilak 30, 19:30ean. Arkupen hasita, musika eta dantza kalejira egingo dute udaletxe zaharreraino.

Bergara

> San Juan auzoko jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran
Honako ekintzak izango dituzte: gaur, egubakoitza, San Juan auzoko poker txapelketa (Tartufoko areto handian, 21:00); bihar, zapatua, trikiti-poteoa elkartetik Tartufora (13:00), auzo bazkaria (14:30), San Juan auzoko briska txapelketa (Tartufon, 17:30), haur jolasak Jardunekin (elizako kanpan, 18:00), eta dantza eta DJ Angie eta Fer (Tartufo aretoan, 23:00-03:00); eta etzi, domeka, 10-14 urte artekoendako disko-festa (Tartufon, 17:30).
Gaur, egubakoitza, hasi eta etzi, domekara arte.

> Xipizaro ludotekaren ikasturte bukaerako jaialdia
Xipizaro ludotekak ikasturtea bukatu du. Hori ospatzeko, ludotekan dabiltzan ume guztiek Eriz magoaren emanaldia ikusteko aukera izango dute.
Segidan, Osintxuko eta Bergarako umeendako merienda egingo dute.
Gaur, egubakoitza, Xipizaro ludotekan, 17:00etan.

Oñati

> Kultur aniztasunaren festa egingo dute bihar, zapatua
Errekalde herri eskolako gurasoek antolatuta, kultur aniztasunaren festa egingo dute. 18:00etan, umeendako tailerrak irekiko dira; festa animatzeko, 19:00etan, Marmara Marching Band taldeak jazz musika joko du herriko kaleetan barrena; iluntze partean, hainbat herrialdeko jatekoak eskainiko dituzte; eta Nubi taldeak Saharako tea eskainiko dute eta hennarekin gorputza margotzeko aukera emango dute.
Bihar, zapatua, plazan, 18:00-22:00.

> Torreauzoko jaiak gaur, egubakoitza, hasiko dira
Gaur, egubakoitza, etxafuegoak (19:00), txakolin eta gazta-dastatzea (19:00) eta Ez!, Herri Guda eta Red District taldeen kontzertua (22:30); bihar, zapatua, baserriz baserriko kalejira (11:00), auzo-txikiteoa (18:00), 26. Mus txapelketa (16:30), Eriz magoa (17:30) eta txokolate-jana gaztetxoendako (18:30); etzi, domeka, 13. Herri krosa (11:00), meza nagusia (12:30) eta luntxa (13:00).
Hilaren 29an, San Pedro eguneko meza entzungo dute.

Erakusketak

Aramaio

> Alex Mendikutek argazki erakusketa dauka
Alex Mendikuteren hainbat argazki daude erakusketan Sastiñan. Ekainaren 27ra arte dago zabalik erakusketa.
Astelehenetik zapatura, 19:00-20:00; etzi, domeka, 12:30etik aurrera.

Aretxabaleta

> Eskulan eta zeramika ikastaroko kideen erakusketa
Eskulan eta zeramika ikastaroan dabiltzanek euren lanak ikusgai ipini dituzte Arkupen. Hil osoan dago erakusketa zabalik.
Astelehenetik egubakoitzera, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuan, 11:00-13:00.

Arrasate

> 6. Herensugea lehiaketara aurkeztutako margolanak
Sanjuanetako 6. Herensugea margo lehiaketara aurkeztu ziren lanak ikusteko aukera dago oraindik. Etzi, domeka, itxiko dute erakusketa.
Harresi aretoan. Gaur, egubakoitza, 18:00-20:00; bihar, zapatua, eta etzi, domeka, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Bergara

> Ion Erramun Etxebarriaren argazkiak ikusgai daude
Ion Erramun Etxebarriaren argazki erakusketa dago Aroztegi aretoan. Zabalik egongo da hilaren 27ra arte.
Ordutegia: gaur, egubakoitza: 18:00-20:30; bihar, zapatua: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; etzi, domeka: 12:00-14:00.

Bestelakoak

Aramaio

> Obena baserriaren aldeko jaialdia egingo dute domekan
Sute batek suntsitutako Obena baserriko familiari laguntzeko jaialdia egingo dute, Udalak eta Oletako Kontzejuak antolatuta. Honako ekitaldiak antolatu dituzte: herri kirolak, Iparraldeko jokoak; eta segalariak txanda librean (Obena ondoko landan, 12:00etan); eta Xabi eta Unai taldearekin erromeria (Oletako plazan, 18:00etan).
Etzi, domeka, Oletan.

Bergara

> Jostailuen truke azoka egingo du Jardun elkarteak
Aurretik txartelaren truke jostailua eman dutenek beste bat har dezakete. Gaur, barikua, 18:00-20:00; bihar, zapatua, 10:00-13:00 eta 18:00-20:00; eta etzi, domeka, 10:00-13:00.
Arrizuriaga jauregian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak