Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko mai. 28a, 13:29
Antzuolan egingo den Mundumira jaiak izango du kultur ekintzetan protagonismo handiena aste bukaeran, baina gainerako ibarreko herrietan ere bada zer egin. Hemen duzue aste bukaerako agenda:

Musika

Aramaio

> Eguzkierripa Rock eguna egingo dute Aramaioko gazteek bihar, zapatua
Poteoa izango dute (12:00); Andre Mari ermitara oinez joango dira, eta han bazkaria egingo dute (14:30); arratsaldean, jolasak; eta 22:00etan, kontzertuak: Trastorno, Alta Tension, Delirium Tren Ez, GRT (argazkian) eta Fight to Life.

Oñati

> Zubillaga eta Saitua sopranoak eta Tobalina gitarra-jotzailea
Musikegunen azkeneko emanaldia izango da domekan: Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak, Olatz Saitua sopranoak eta Eugenio Tobalina gitarra-jotzaileak egingo dute kontzertua. Sorozabal edo Iparragirre bezalako euskal konposatzaileen obrak interpretatuko dituzte. Sarrera 6 euro da.
Etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:30ean.

Antzerkia

Aretxabaleta

> Umeendako ikuskizuna egingo du Txalo taldeak
Ali, haren amona eta alfonbra hegalaria izenburuarekin, 5 urtetik gorako umeei zuzendutako antzezlana egingo du Txalo taldeak. Sarrera doan izango da.
Etzi, domeka, Arkupeko Zaraia aretoan, 17:00etan.

Ospakizunak

Oñati

> Araotz auzoko jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran
Trinidade jaiak ospatuko dituzte Araotzen. Honako ekintzak antolatu dituzte: bihar, zapatua, mendiko bizikletan irteera, auzoko plazatik (16:00), mus txapelketa (16:30), umeendako jolasak (17:00), auzo afaria Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin eta Miren, Agur eta Gorka trikitilariekin (21:00), eta bola txapelketa (00:00); eta etzi, domeka, meza (11:00), salda-jana (11:30) eta herri kirolak: Saralegi eta Mugartza aizkolariak, Izeta harri-jasotzailea, eta trikitilariak (12:00).
Ospakizunak, bihar eta etzi, Araotzen.

Erakusketak

Aramaio

> Euskaltzaindiaren erakusketa ikusteko azken egunak
Patxi Uribarrenek Euskaltzaindian sarrera-hitzaldia egingo du gaur, egubakoitza, Ibarra elizateko San Martin elizan, 18:00etan. Horrekin lotuta, Euskaltzaindiaren erakusketa ikus daiteke Sastiñan: Akademiaren Azkue Bibliotekako liburu eta aldizkariak; eta, bestetik, Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina delako atala; Euskaltzaindiaren 90. urteurrenerako egindako erakusketa da.
Gaur, egubakoitza, 18:00-19:30; bihar, zapatua: 18:00-20:00.

Aretxabaleta

> Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa
Kutxa Fototekako Fondoek antolatuta, Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa dago Arkupen.
Ordutegia: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00; domeketan eta jaiegunetan itxita dago.

Arrasate

> Ikusgai daude Jose Luis Zumetaren bi erakusketa
San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko gaixoek egindako Globo rojo aldizkarian oinarrituta, Jose Luis Zumetak 38 serigrafiako erakusketa egin du, Oi! Bihotz.
Bestalde, Arregi galerian Zumetaren beste zenbait lan ikus daitezke.
Kulturaten, maiatzaren 30era arte.

> Mila Carballok margo erakusketa ipini du Harresi aretoan
Mila Carballo donostiarrak bere margolanak erakusten ditu Iturriotz kaleko Harresi aretoan. Maiatzaren 30era arte dago ikusgai erakusketa.
Ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:00-20:00; zapatu eta jaiegunak, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Bergara

> Mari Carmen Laskurain bergararraren erakusketa
M. Carmen Laskurain Loidi bergararraren 17 margolan ikusgai dira: paisaiak, natura hilak, loreak eta marinak.
Masterreka kaleko Nahikari tabernan.

> Bergara Hiria lehiaketako argazkiak, ikusgai
26. Bergara Hiria argazki lehiaketako lanak erakusketan ipiniko ditu Pol-Pol argazki taldeak. Tartean, zenbait bergararren lanak saritu zituzten, hauenak: Juan Jose Lopez Azurmendi, Jose Agustin Gurrutxaga, Felix Idigoras eta Joseba Leturia.
Aroztegi aretoan, maiatzaren 30era bitartean.

Oñati

> Esteban Kerexeta oñatiarrak hainbat eskultura lan ditu erakusketan
Esteban Kerexetak zabalik dauka Itzarri izeneko eskultura lanen erakusketa. Ekainaren 6ra arte dago ikusteko aukera kultura etxeko erakusketa aretoan, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik domekara.

Hitzaldiak

Aretxabaleta

> 'Elikadura ekologikoa eta orekatua' delako hitzaldia
Ekolapiko proiektuko Sabrina Patok hitzaldia egingo du: Elikadura ekologikoa eta orekatua.
Hilaren 3an, eguena, Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan.

Bergara

> 'Incontinencia urinaria y otras disfunciones' berbaldia
Incontinencia urinaria y otras disfunciones delako berbaldia egingo dute Jose Miguel Arnostegi, Saioa Etxabarri eta Mikel Arnostegi fisioterapeutek.
Astelehenean, hilak 31, Miguel Altuna institutuan, 18:30ean.

> Bergarako animalia ugaztunen inbentarioaz jardungo dute
Bergarako animali ugaztunen inbentarioa, distribuzioa eta kontserbazio egoera delako hitzaldia egingo du Jorge Gonzalez biologoak. Aste Berdearen barruan antolatu dute hitzaldi hori.
Hilaren 1ean, martitzena, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etan.

Bestelakoak

Aretxabaleta

> Bailarako eta Soraluzeko 160 ume batuko dira Leizarrak antolatutako Haur Dantzarien Egunean
Aurten, Leizarra musika eskolak antolatu du Haur Dantzarien Eguna. Leizarra taldeko haur dantzariekin batera, Oñatiko Oñatz, Soraluzeko Urrats eta Arrasateko Txikitxu eta Lore Gazteak taldeetakoak izango dira, 160 bat neska-mutil. Plazan batuko dira (10:30); herriko kaleetan erakustaldia egingo dute (11:00), alardea plazan (12:15) eta bukaerako alardea eta merienda, hori ere plazan (17:00).
Etzi, domeka, ospatuko dute Haur Dantzarien Eguna.

Bergara

> Gaztetxoendako festa girotuko du disko-jartzaile batek
Udalak antolatuta, disko-jartzaile batek girotutako dantzaldia eta jaialdia izango dute gaztetxoek.
Bihar, zapatua, Zabalotegin, 18:30-21:30.

Elgeta

> Eurovision ikusiko dute Sustaturen bidez Espaloian
Eurovision musika lehiaketaren finala ikusiko dute hainbat lagunek, Euskovision 2010 delako jardunaldian; Sustatu.com webgunean iruzkinak argitaratuko dituzte, eta gero jaialditxo bat egingo dute. Bi pantaila erraldoi ipiniko dituzte horretarako Espaloian.
Etzi, domeka, Espaloia antzokian, 19:30etik 23:30era.

> Herrixa Dantzan dantzaldi irekia egingo dute domekan
Herrixa Dantzan dantzaldi irekia gidatuko du Patxi Monterok. Oraingo ikasturteko azkeneko saioa izango da, ekainetik abuztura ez delako saiorik egongo. Irailean ekingo diete berriz dantzaldiei.
Etzi, domeka, Espaloian, 19:00etan; sarrera, doan.

Eskoriatza

> Atxorrotzera irteera egingo dute, eta gazteluaren gaineko panelak erakutsi
Atxorrotzeko indusketetara hiru ordu eta erdiko irteera antolatu du Udalak biharko, zapatua (09:45). Horrekin lotuta, Ibarraundin, Atxorrotzeko gazteluaren gaineko panelak ipiniko dituzte, 13:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak