Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko mai. 21a, 14:38
Aste bukaera honetan hitzordu ugari izango ditugu ibarrean. Duda barik, Bergarako Mendekoste jaiek hartuko dute protagonismo handiena, baina ibarreko gainerako herrietan ere izango da zer egin. Hemen duzue egitaraua:

Musika

Arrasate

> Legen Beltza eta Darkness by Oath taldeen kontzertua
Darkness by Oath talde arrasatearrak Fear yourself diskoko abestiak joko ditu kontzertuan. Gero, Azpeitiko Legen Beltza taldeak Need to Suffer diskoa aurkeztuko du. Kontzertua bukatutakoan  metal festa izango da. Sarrera 8 euro da.
Bihar, zapatua, 3 aretoan, 23:00etan.

> Arrasate Musikaleko biolin-joleek kontzertua egingo dute
Banaka eta taldeka joko dute biolin ikasleek.
Hilaren 25ean, martitzena, tronpa eta tronpeta ikasleek egingo dute kontzertua.
Gaur, egubakoitza, parrokian, 19:00etan.

Bergara

> Legen Beltza, Childrain, Dark Code eta DJ Lenimetal
Legen Beltza azpeitiarrek diskoa aurkeztuko dute kontzertuan. Horiekin batera, Childrain (Gasteiz), Dark Code (Bergara) eta DJ Lenimetal (Bergara) ere igoko dira agertokira. Sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, gaztetxean, 23:00etan.

> Kontzertuak izango dira gauero Bergarako txosnagunean
Honako kontzertuak izango dira: Giza-proiektua, Klabo oxidado eta Emon (gaur, egubakoitza); Turbo shit, Governors eta Los Zopilotes Txirriaus (bihar, zapatua); eta Napoka Iria eta Patinazo de Neurona (etzi, domeka).
Kontzertu guztiak Bideberrin, 22:30ean; domekakoa, 21:30ean.

Oñati

> Alos Quartet taldeak kontzertua egingo du etzi, domeka
Alos Quartet taldeak kontzertua egingo du. 1999an sortutako talde horrek musika klasiko nahiz modernoan ibilbide artistiko zabala duten musikariek osatzen dute. Besteak beste, Dulce Pontes, Oskorri, Kepa Junkera, Los Piratas, La buena Vida… talde eta musikariekin lan egin izan dute. Biolina, biola, biolontxeloa, akordeoia, nyckelharpa eta kalinba joko dituzte.
Santa Ana antzokian, 19:30ean.

> 999 punk talde klasikoak joko du gaur, egubakoitza, Errekaldeko jaietan
Errekaldeko jaiak ospatuko dituzte aste bukaera osoan; gaur, egubakoitza, garagardo festa (20:00) izango da, eta 999 talde ingeles aitzindariak joko du (21:30). Kañeria 13, The Lurkers, Golpe de Estado eta Bitz taldeek ere joko dute.

Antzerkia

Arrasate

> 'ProtAgonizo' bakarrizketa egingo du Ester Bellver aktoreak
Bere bizitzaren errepasoa egingo du aktore madrildarrak: haurtzaroa, gurasoak, errebistan hasitako lan ibilbidea, eta horrekin lotutako sentimenduak, beldurrak… Hilaren 26an, eguaztena, izango da, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan.

Ospakizunak

Arrasate

> Andaluziako kultura astea ospatuko du Al-Andalusek
Andaluziako kultura astea itxiko du Al-Andalusek, honako egitarauarekin: gaur, egubakoitz,a play-back lehiaketa (22:30); bihar, zapatua, I. Al-Andalus domino txapelketa (16:00), galako afaria (21:00) eta El Peli umoristaren emanaldia (23:30); eta etzi, domeka, ate irekien jardunaldia, Aita Mennirekin elkarlanean (11:00) eta Alegría de la Sierra eta Sueños de Andalucía taldeen emanaldiak (13:00).
Ekintzak, Al-Andalusen egoitzan.

Bergara

> Gaur hasiko dira Bergarako jai nagusiak; barrakak eta txosnagunea zabalik geratuko dira
Gaur, jaitsiko da Bitorianatxo San Martin plazara (20:00). Barrakak ere zabalik geratuko dira (20:15) eta baita txosnagunea ere (20:30) eta kontzertua izango da. Bihar, goitibehera lehiaketa (12:00), bakailao lehiaketa (13:45) erremonteko partiduak (17:30) eta kontzertuak izango dira txosnetan (22:30) eta gaztetxean (23:00); domekan, txirrindulari lehiaketa jokatuko da San Antoniotik hasita (09:30).
Bitorianatxo gaur jaitsiko da San Martin plazan, 20:00etan.

Eskoriatza

> Txomin Txapel eguna ospatuko dute unibertsitatean gaur, egubakoitza
Unibertsitatearen jaia ospatuko dute: olinpiadak (11:00), Txomin Txapel jaistea (13:00), trikipoteoa gero; bazkaria (14:30), kale-agerraldia (19:00) eta kontzertuak (22:00): Jeimon Turk Band, Egurre ta Kitto! eta The Convicts.

Oñati

> Elkar Hezi ikastetxeak gurasoendako jaialdia egingo du
Elkar Heziren eguna ospatuko dute ikastetxe horretako kideek. Hala, eguenean, ikasle gaztetxoenek ikuskizuna eskainiko diete gurasoei: dantza, musika, bertso musikatuak eta antzerkia.
Eguenean, hilak 27, Elkar Hezin, 18:30ean.

Erakusketak

Aretxabaleta

> Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa
Kutxa Fototekako Fondoek antolatuta, Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa dago Arkupen.
Ordutegia: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00; domeketan eta jaiegunetan itxita dago.

Arrasate

> Ikusgai daude Jose Luis Zumetaren bi erakusketa
San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko gaixoek egindako Globo rojo aldizkarian oinarrituta, Jose Luis Zumetak 38 serigrafiako erakusketa egin du, Oi! Bihotz. Hori ikusgai dago Kulturaten, hilaren 30era arte.
Bestalde, Arregi galerian Zumetaren beste zenbait lan ikus daitezke.
Kulturaten, maiatzaren 30era arte.

> Mila Carballok margo erakusketa ipini du Harresi aretoan
Mila Carballo donostiarrak bere margolanak erakusten ditu Iturriotz kaleko Harresi aretoan. Maiatzaren 30era arte dago ikusgai erakusketa.
Ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:00-20:00; zapatu eta jaiegunak, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Bergara

> Bergara Hiria lehiaketako argazkiak, ikusgai
26. Bergara Hiria argazki lehiaketako lanak erakusketan ipiniko ditu Pol-Pol argazki taldeak. Tartean, zenbait bergararren lanak saritu zituzten, hauenak: Juan Jose Lopez Azurmendi, Jose Agustin Gurrutxaga, Felix Idigoras eta Joseba Leturia.
Aroztegi aretoan, maiatzaren 21etik 30era bitartean.

> Mari Carmen Laskurain bergararraren erakusketa

Hil bukaerara arte, Mari Carmen Laskurain Loidi bergararraren 17 margolan ikusgai dira Nahikari tabernan. Paisaiak, natura hilak, loreak eta marinak dira.
Masterreka kaleko Nahikari tabernan.

Bestelakoak

Aretxabaleta

> Zeru-behaketa publikoa egingo dute gaur, egubakoitza
Loramendi elkarteak eta Ilatargi astronomia taldeak teleskopio batzuk ipiniko dituzte Herriko plazan, gura duenak erabil ditzan. Eguraldi txarra egiten badu, bertan behera utziko dute.
Gaur, egubakoitza, Herriko plazan, 22:00etan hasita.

Arrasate

> Ume eta gurasoendako jolas tradizionalak bihar, zapatua
Txatxilipurdi elkarteak ume eta gurasoendako jolas tradizional saioa antolatu du. 3 eta 12 urte arteko umeei dago zuzenduta ekintza hori.
Bihar, zapatua, Santa Marinako ludotekan, 11:30etik 13:30era.

> Erizaintzako laguntzaileen gaineko jardunaldiak
Erizaintzako laguntzaileak gaur; etxez etxeko laguntza: oraina eta geroa jardunaldiak antolatu ditu Arizmendik hilaren 26rako. Izenemate epea bihar, zapatua, bukatzen da.
Argibideak: 943 77 20 25.

Oñati

> Txantxiku-joko txapelketa egingo dute gaztelekuan
Antzinako txantxiku-jokoa berreskuratzeko asmoz, txapelketa antolatu dute gaztelekuan. Izenematea zabalik izango da txapelketa hasi arte.
Bihar, zapatua, 18:00etan.

> Hiru Tenpluen ibilbidea egingo dute: Loiolatik Arantzazura
Mundumirak eta Aloña Mendi elkarteak antolatuta, Hiru Tenpluen ibilbidea egingo dute bihar, zapatua.
Argibideak: 902 18 14 71.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak