Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko mai. 14a, 11:22
San Isidro jaiak ospatuko dituzte Debagoieneko herrietako auzo askok. Agenda ekintzaz beteta dator eta badago zerekin gozatu: musika, azokak, jaia, erakusketak... Jarraian duzue aste bukaerako agenda proposamena:

Musika

arrasate
> Governors taldeak 'Frenetikodrome' diskoa aurkeztuko du zuzenekoan
Arrasateko Governors taldeak etxean aurkeztuko du Frenetikodrome disko atera berria, kontzertuan. Gaur, egubakoitza, egingo dute emanaldia 3 aretoan, 23:00etan. UK Bill-ek ere joko du. Sarrera 7 eurotan salduko dute.

bergara
> Musika Eskolako ikasleek udaberriko kontzertua egingo dute bihar, zapatua
Orkestra Sinfonikoak, Banda Gazteak, Abesbatzak, Akordeoi Orkestrak, Suzuki taldeak, Txistu taldeak eta Trikiti taldeak banaka joko dute eta, gero, Imagine kanta joko dute batera. Pilotalekuan izango da, 19:00etan; eta 21:00etan, afaria.

arrasate
> Pettik kontzertu akustikoa egingo du Gure-Lekun
Petti kantautoreak emanaldi akustikoa egingo du Gure-Leku tabernan. Segidan, Dr. Mansillak rock estiloko musika ipiniko du.
Bihar, zapatua, Zarugalde kaleko Gure-Leku tabernan, 23:00etan.

bergara
> 'Jostailugilea' ipuin musikala egingo dute etzi, domeka
Bergarako Orfeoiak antolatuta, orfeoi txiki eta txikitxoak eta Oñatiko Ganbara taldeak Jostailugilea ipuin musikala antzeztuko dute. Sarrera da 5 euro, 3 euro umeen kasuan.
Zabalotegin, bi emanaldi: 11:00etan eta 13:00etan.

oñati
> Esteban Urtzelaik azkenekoz zuzenduko du Ganbara
Musikaldien barruan, Esteban Urtzelaik Ganbarako zuzendari kargua utzi aurretiko azkeneko kontzertua egingo du taldeak. Ganbara Abesbatzaz gain, Cum Laude ganbara taldea ere zuzenduko du.
Etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:30ean.

Ospakizunak

antzuola
> Sanisidroak ospatuko dituzte Antzuolan, ganadu eta artisautza azokarekin, zapatuan
San Isidro eguna ospatuko dute bihar antzuolarrek, ohiko azokarekin: ganadu eta artisautza azoka eta salmenta postuak izango dira (09:00-14:00); kukumarro erakusketa iturri inguruan (11:00); gainera, Antzuola eta antzuolarrak argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte Olaranen (12:00), eta kukumarro lehiaketakoak ere bai (12:30). Argazki erakusketa zabalik egongo da aste bukaera osoan Olaranen.
Azoka bihar izango da, 09:00etatik 14:00etara.

arrasate
> Orhipean kultur elkargintzak jaia egingo du zapatuan
Orhipean kultur eragintzak jaia egingo du, eta parte hartzeko dei egiten die herritarrei. Murala margotuko dute Irati taberna kanpoaldean (11:00); trikipoteoa herriko kaleetan (13:00), parrillada Ferrerias kalean (15:00), eta Never Surrender taldearen kontzertua Iratin (18:00). Txartelak salgai daude Iratin eta Basatin, 10 eurotan.
Bihar, zapatua, egun osoan.

oñati
> Murgia auzoko jaiak ospatuko dituzte aste bukaera osoan
Gaur, egubakoitza, auzo afaria Asentzio elkartean, bertsolariekin eta trikitilariekin (21:00); bihar, zapatua, auzo kirolak, umeendako jokoak, lokotx bilketa eta txokolate-jana (16:00); eta etzi, domeka, meza nagusia (12:00) eta luntxa.
Gaur, egubakoitza, hasten dira jaiak.


oñati
> Kasablanka auzoko jaiak ospatuko dituzte
Besteak beste, ekintza hauek egingo dituzte: gaur, egubakoitza, txupinazoa eta poteoa (18:00), txorimaloak (18:30) eta Black River, Dark Code eta Methew taldeen kontzertua (22:30); bihar, zapatua, umeendako jolasparkea eta jokoak (12:00), poteoa (13:30), arku tiroketa (16:00), poteoa eta olagarro eta sagardo-dastatzea (19:00), auzo afaria, Joxe Gardokirekin (21:00) eta aretoko dantzen erakustaldia (22:00); eta etzi, domeka, bertso jaialdia eta gaita jotzaileak (13:00) eta luntxa (14:00).
Ospakizunak hasiko dira gaur, egubakoitza.

bergara
> Zubiaurre-Martoko auzoko jaiak ospatuko dituzte
Zubiaurre-Martokoko Asentsio jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran. Bihar, zapatua, salda eta txorizo-jana izango dute Zubiaurren (11:00), txikiteoa (12:00), mus txapelketa (16:00), buruhandiak eta txokolate-jana (18:00), toka txapelketa (19:00), txikiteoa (20:00) eta dantzaldia (23:00); eta etzi, domeka, diana udal txistulariekin (09:00), txokolate-jana gero, San Migelera oinez joatea, meza ermitan, mokadua terrazan (12:00), tute txapelketa (16:00) eta txupinazoa, jaiak bukatzeko.
Bihar, zapatua, eta etzi, domeka.

arrasate
> Andaluziako kultura astea ospatzen hasi dira Al-Andalus elkartekoak
Bihar, zapatua, Juancohones txirigotaren emanaldia izango da Al-Andalusen (21:30); etzi, domeka, Al-Andalus koru errozieroaren saioa (13:00) eta gizonezkoendako bazkaria (15:00). Datorren aste osoan jarraitu egingo dute ospakizunek.

eskoriatza
> San Isidro eguna ospatuko dute baserritarrek
Herriko baserritarrek meza entzungo dute Aingeru Guardan, 12:00etan, eta bazkaria izango dute 14:00etan.
Bihar, zapatua.

Antzerkia

bergara
> 'Ate joka' umorezko antzezlana egingo du Txalo taldeak
Txemaren (Iker Galartza) eta Anderren (Joseba Usabiaga) gorabeherak kontatzen dizkigu antzezlanak. Bi pertsonaiak adiskide minak dira. Txema, banandua dagoen gizona da eta gutizia zale amorratua da, bakarrik bizitzera ohitua dagoena. Ander ezkondua dago eta banantzeko zorian dago, eta oso maniatikoa da. Elkarrekin bizi izaten hasten dira. Halako baten, hirugarren lagun bat sartuko da, neska gazte bat.
Gaur, egubakoitza, Zabalotegin, 22:30ean. Sarrera, 5 euro.

Erakusketak


bergara
> Beart elkarteko ikasleek margo erakusketa ipini dute
Beart elkarteko margo ikasleek euren lanak ikusgai ipini dituzte kultura etxean. Etzi, domeka, izango da zabalik dagoen azken eguna.
Ordutegia: gaur, egubakoitza, 18:00-20:30; bihar, zapatua, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta etzi, domeka, 12:00-14:00.

aretxabaleta
> Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa
Kutxa Fototekako Fondoek antolatuta, Lasarteko auto-zirkuituaren gaineko erakusketa dago Arkupen.
Ordutegia: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00; domeketan eta jaiegunetan itxita dago.

arrasate
> Ikusgai daude Jose Luis Zumetaren bi erakusketa
San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko gaixoek egindako Globo rojo aldizkarian oinarrituta, Jose Luis Zumetak 38 serigrafiako erakusketa egin du, Oi! Bihotz. Hori ikusgai dago Kulturaten, hilaren 30era arte. Bestalde, Arregi galerian Zumetaren beste zenbait lan ikus daitezke.
Kulturaten, maiatzaren 30era arte.

arrasate
> Mila Carballok margo erakusketa ipiniko du Harresi aretoan
Mila Carballo donostiarrak bere margolanak erakutsiko ditu Iturriotz kaleko Harresi aretoan. Maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai erakusketa.
Ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:00-20:00; zapatu eta jaiegunak, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Ikastaroak


eskoriatza
> Argazkigintza digital ikastaroan izena eman daiteke oraindik
Oraindik lekua dago Bizikasik antolatu duen argazkigintza digital ikastaroan. Maiatzaren 21era arte dihardute egiten, eguazten eta egubakoitzetan, 18:00-20:00 ordutegian.
Argibideak: amuska-esko@hotmail.com; 943 76 93 94 (Miren).

Bestelakoak

oñati
> Palestinaren aldeko Nakba eguna ospatuko dute
Nakba eguna egingo du bihar, zapatua, oñatiar talde batek, Palestinarendako hondamendiaren eguna delako.  Hala, goizean zehar, Oñatiko plazan hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola Palestinaren okupazioaren gaineko dokumental emanaldia.
Horrekin lotuta, erakusketa bat egongo da hainbat tabernatan hilaren 25era arte.
Hilaren 20an, Guria tabernan bideo bat emango dute, 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak