Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko api. 16a, 10:53
Aste bukaera gainean daukagu eta gaurtik hasita, musika, antzerki eta erakusketekin gozatzeko aukera dago, besteak beste, Debagoienean. Hemen duzue prestatutako kultura egitaraua:

Musika


arrasate
> Ismael Serrano bakarlariak kontzertua egingo du
Herri Saharauiaren Giza Eskubideen Aldeko Astea egin dute bailarako hainbat erakundek eta elkartasun taldek. Hori borobiltzeko, Ismael Serrano musikariak kontzertua egingo du, eta Acuérdate de vivir diskoa aurkeztuko du. Sarrerak: www.kutxa.net.
Gaur, egubakoitza, Amaia antzokian, 20:30ean.

arrasate
> Street Dogs taldeak Euskal Herriko kontzertu bakarra egingo du gaur, egubakoitza, 3 aretoan
Street Dogs (Boston, AEB) punk taldeak kontzertua egingo du 3 aretoan, gaur, egubakoitza, 23:00etan. Europan egiten dabiltzan biraren barruan, Euskal Herrian egingo duten kontzertu bakarra izango da. State of Grace diskoko abestiak joko dituzte. Never Surrender taldeak ere joko du. Sarrera da 12 euro aldez aurretik erosita, eta 15, leihatilan bertan erosita. Gaur, egubakoitza, 3 aretoan, 23:00etan.


bergara
> Musika Eskolako eta Musikeneko taldeen kontzertuak
Honako kontzertuak izango dira: bihar, zapatua, Bergarako eta Azpeitiko organo ikasleak (Santa Marinako sakristau etxean, 12:30) eta Musika Eskolako metal eta soka taldeak (Santa Marina parrokian, 19:45); eta etzi, domeka, haurren abesbatza eta Aitor Olea (12:30, San Pedro parrokian) eta Musikeneko Quinteto Gran Pausa haize boskotea (18:30, udaletxean). Parrokietan eta udaletxean.


arrasate
> Anger taldeak Musakolako gaztetxokoan joko du
Anger taldeak Sedukzioaz diskoko abestiak joko ditu 12-17 urte arteko gaztetxoendako. Taldekideekin berba egiteko aukera ere egongo da.
Gaur, egubakoitza, Musakolako gaztetxokoan, 20:00etan; doan.

bergara
> Joseba Irazoki abeslariak 'Euria ari du' aurkeztuko du
Joseba Irazokik Euria ari du lana aurkeztuko du zuzeneko baten. Sarrerak, 5 eurotan.
Gaur, barikua, Zabalotegin, 22:30ean.

oñati
> Show Business talde oñatiarrak diskoa aurkeztuko du
Show Business taldeak Pozoindutako hitzak izeneko diskoa eta bideoklip bat aurkeztuko ditu gaur, egubakoitza. Aurkezpena Ona tabernan izango da, 18:00etan. Gero, kontzertua egingo dute  Sharon Stoner taldearekin.
Kontzertua gaur, egubakoitza, gaztelekuan, 22:30ean.

arrasate
> Bideoklip gaua eta Puro Chileren kontzertua Gure Lekun
BJ Pepinok hainbat bideoklip ipiniko ditu gaur, egubakoitza, 23:00etan; eta bihar, zapatua, Puro Chile taldeak kontzertua egingo du 23:00etan, eta Pablo Akarosek musika ipiniko du gauerdian.
Zarugalde kaleko Gure Leku tabernan.


elgeta
> Gose eta Anger taldeek kontzertua egingo dute
Arrasateko Gose eta Anger taldeak zuzenean ikusteko aukera izango da Espaloia antzokian. Sarrera da 5 euro, aldez aurretik erosita, eta 7, txarteldegian.
Bihar, zapatua, Espaloian, 22:30ean.

arrasate
> Demented Are Go taldeak joko du 3 aretoan zapatuan
Demented Are Go psychobilly eta punk rock estiloko taldea eta talde gonbidatu bat izango dira bihar, zapatua (sarrera 10 euro da, aldez aurretik; eta 12, bertan).
Bihar, zapatua, 3 aretoan, 23:00etan.

Antzerkia

arrasate
> '100 años de perdón' izango da Iamai kafetegian
Iamai kafetegiaren egitarauaren barruan, 100 años de perdón bakarrizketa izango da.
Gaur, egubakoitza, gauerdian.

elgeta
> Euskal eta kubatar umorea, bat eginda '¡Agusssssto!' antzezlanean
Patxi Arrigagorritxerriberrigoitiabeitia euskalduna (Gorka Aginagalde) eta Estela Maria Lourdes de Aquitepilloaquitemato kubatarra (Gurutze Beitia) dira antzezlaneko protagonistak. Gaur, egubakoitza, Espaloian, 22:30ean.

arrasate
> 'Cyrano' antzezlana egingo dute herriko ikasleendako
Antzerki Eskola jardunaldien jarraipen moduan, Malas Pulgas antzerki taldeak Cyrano antzezlana egingo du LHko 1., 2. eta 3. mailetako umeendako.
Eguaztenean, hilak 21, Amaia antzokian, 10:30ean eta 14:45ean.

Aurkezpena

arrasate
> Gaztetxearen fantzine berria eta Josu Arteagaren liburua aurkeztuko dituzte
Bihar, zapatua, 18:00etan, Putusein fantzinea aurkeztuko dute gaztetxeko kideek, eta Bilboko Ekintza zuzena-ren zenbaki berria. Gero, Josu Arteagak (argazkian) Historia universal de los hombres gato liburua aurkeztuko du.

Erakusketak

antzuola
> 'Antzuolako emakumeak eta lana' erakusketa asteburuan
Antzuolako emakumea eta lana etxe barruan eta kanpoan izenburuarekin, herritarrek utzitako hainbat argazkik osatutako erakusketa ipiniko du Udalak.
Zapatuan eta domekan, Olaran etxean, 18:30etik 20:00etara.

arrasate
> 'África, casa de palabras' erakusketa zabalik dago
Umeendako liburuetako testuetan eta ilustrazioetan oinarrituta, Afrikaren hainbat alderdi ezagutarazten du África, casa de palabras erakusketak.
Kulturaten, apirilaren 25era arte.

oñati
> Gabriela Mistralen omenezko argazki erakusketa
Gabrielaren umeak, Mistralen Txileak izenburuarekin, euskal jatorriko Gabriela Mistral poeta txiletarraren omenezko argazki erakusketa ipini du Agustin Goenaga oñatiarrak.
Kultura etxean, egunero, 18:00-20:00; maiatzaren 2ra arte.

bergara
> Plazan erakutsiko dituzte lanak Beart-eko kideek
Bergarako Arte Elkarteko kideek ikusgai ipiniko dituzte euren lanak etzi, domeka, San Martin plazan. Hori egin eta gero, bazkideendako bazkaria izango da.
Etzi, domeka, 12:00-14:30.

Hitzaldiak

eskoriatza, oñati
> 'Educación de calidad, una mirada desde América Latina'
Colombiako Fe y Alegríako zuzendari Víctor Murillok Educación de calidad hitzaldia egingo du, Elkarhezitzenek antolatuta.
Hilaren 19an, astelehena, Ibarraundin, eta 21ean, eguaztena, Oñatiko kultur etxean; biak, 19:00etan.

eskoriatza
> Karmele Jaiorekin berriketaldia eta lehiaketaren zozketa eguenean
Musika airean liburuaren gaineko berriketaldia izango da Karmele Jaio egilearekin eguenean, kultura etxean, 19:00etan. Gero, liburu horren gainean egiten dabiltzan lehiaketako zozketa egingo dute (www.eskoriatza.net).

Bestelakoak

bergara
> La Tadrat parajearen gaineko ikus-entzunezkoa egingo dute
Miguel Anjel Otsoa de Alda eta Imanol Diaz de Garaio argazkilariek La Tadrat-en gainean egindako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera dago.
Hilaren 21ean, Zabalotegin, 19:00etan.

debagoiena
> Dei egiten diete Euskal Herriko katalanei Sant Jordi ospatzeko
Debagoienean bizi diren katalanek batera bazkalduko dute etzi, domeka, Sant Jordi eguna ospatzeko. Antolatzaileek dei egiten diete Euskal Herriko katalan guztiei eta euren familiei animatu daitezen.
Izena emateko: 615 70 72 41.

arrasate
> 'Todo vale' nobela aurkeztuko du Juan Ignacio Montianok
Juan Ignacio Montiano pediatra eta idazleak liburua aurkeztuko du. Jon Iñaki Lasa idazlea eta Tucho Balado editorea ere han izango dira.
Gaur, barikua, Kulturaten, 19:00etan.

arrasate
> 'La Cenicienta que no quería comer perdices' ipuina
La Cenicienta que no quería comer perdices delako ipuina aurkeztuko dute Nunila López eta Myriam Cameros egileek.
Martitzenean, Kulturaten, 19:00etan.

bergara
> Irakurketa kolektiboa egingo dute Aranzadi ikastolakoek
Irakurketa Egunean, taldeko irakurketa egingo dute guraso, ikasle eta irakasleek.
Hilaren 22an, plazako eraikinean, 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak