Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko mar. 26a, 14:50
Doke txapelketa Arrasaten, txalaparta saio didaktikoa Oñatin, Bitter Honey taldearen kontzertua Arrasaten eta Erramu-zapatuko jaia Bergaran. Horiek aste bukaera honetako proposamenetako batzuk. Hemen duzue egitarau osoa:

Musika

Arrasate

> Bitter Honey taldeak lehen diskoa aurkeztuko du kontzertuan
Danbaka lehiaketan parte hartu zuen Bitter Honey taldeak Songs of love & destruction diskoa aurkeztuko du zuzeneko baten, gaur, egubakoitza, 3 aretoan. Arrasateko Cool Circus taldeak ere joko du. 23:00etan hasiko da emanaldia.

> Distorsion eta Rat+zinger taldeen kontzertua
Distorsion 80ko hamarkadako punk taldeak kontzertua egingo du. Rat+zinger taldearekin. Sarrera 10 eurotan salduko dute aldez aurretik, eta 12 eurotan, leihatilan.
Bihar, zapatua, 3 aretoan, 23:00etan.

Bergara

> Orfeoi Txiki, Orfeoi Txikitxo eta Gabero taldeen kontzertua
Orfeoi Txiki, Orfeoi Txikitxo eta Gabero taldeek emanaldia egingo dute.
Gaur, egubakoitza, Mariaren Lagundiaren elizan, 19:30ean.

> Ganbara Gazte eta Gaberoren musika erlijioso eta modernoa
Musika erlijiosoari klasiko itxura kendu eta XXI. mendeko ukitua emanda, kontzertua egingo dute Oñatiko Ganbara Gaztek eta Bergarako Gaberok. Obrak erlijiosoak dira, baina gaur egungo ukituarekin.
Etzi, domeka, Mariaren Lagundiaren elizan, 19:00etan.

Oñati

> Ganbarak 3. munduko umeen aldeko kontzertua egingo du
Ganbara kantu eskolako ume eta gazte abesbatzek udaberriko kontzertua egingo dute, eta eskolako harrobi osoak hartuko du parte: kantu tailerrak I eta II, Ganbara Txikitxoak, Ganbara Txikik eta Ganbara Gaztek. 3. munduko umeen askatasun eta bakearen gaineko argazki eta bideo muntaia bat izango dira, eta gai horren gaineko abestiak abestuko dituzte.
Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

> Musika saio didaktikoa egingo dute Plaza eta Garmendia txalapartariek
Txistua, alboka, txalaparta eta eurek asmatutako beste instrumentu batzuk joaz, euskal sustraidun musika esperimentazioarekin nahastuko dute Iñaki Plazak eta Jon Garmendiak, gaur, egubakoitza, gaztelekuan, 18:00etan.

Antzerkia

Arrasate

> 'El txou de Patxi' antzezlana egingo du Gorka Aginagaldek
Patxi Arrigagorritxorriberrigoitia pertsonaiaren bitartez, Gorka Aginagalde aktoreak El txou de Patxi delako bakarrizketa barregarri eta satirikoa egingo du.
Gaur, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian.

Eskoriatza

> 'El príncipe de mentiras' bakarrizketa ikusteko aukera
Edurne Agirrezabala aktoreak El príncipe de mentiras delako antzezlana egingo du. Emakume batek bikotean izandako bizipenak kontatuko ditu, harreman hasieran bion artean zegoen kimikatik gaur egungo tratu txarren mugaraino. Sarrera doakoa da.
Gaur, egubakoitza, unibertsitatean, 22:30ean.

Oñati

> Txan magoak emanaldia egingo du etzi, domeka
Txan magoak ikuskizuna egingo du, Errekalde Herri Eskolak antolatuta. Sarrerak eskolan eros daitezke, 3 eurotan, eta egunean bertan, Santa Anan.
Ikuskizuna etzi, domeka, izango da Santa Ana aretoan, 17:00etan.

Erakusketak

Arrasate

> Jabego publikoko bideen inbentarioaren gainekoak
Arrasateko jabego publikoko bideen inbentarioaren gaineko erakusketa egongo da Kulturaten. Garai bateko bide asko dagoeneko ez dira erabiltzen, eta erakusketarekin nahi da Udalak egindako inbentario lana eta herritarrek ekarri dutena ezagutaraztea.
Kulturateko klaustroan, martxoaren 28ra arte.

Aretxabaleta

> Gipuzkoako txakurren gaineko argazki erakusketa
Manuel Montielek Gipuzkoako herri guztietako txakurren argazkiak ipiniko ditu ikusgai. Gaur, egubakoitza, irekiko da erakusketa.
Arkupen, egunero 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00; domeka eta jaiegunetan, itxita.

Bergara

> Hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz
Hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz delako erakusketa ipini du Aranzadi Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Aranzadiko ikertzaile eta boluntarioek joandako 10 urteetan egindako hobitik ateratze lanak ikus daitezke, argazkitan.
Erakusketa gaur, hilak 26, inauguratuko dute, eta apirilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Aroztegi aretoan, honako ordutegian: astegunetan, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; jaiegunetan, 12:00-14:00.

Bestelakoak

Antzuola

> Haitiren aldeko afari solidarioa deitu du Anelkarrek
Anelkar elkartearen eskutik, Haitiren aldeko afari solidarioa izango da.
25 euro da.
Bihar, zapatua, Olalde elkartean, 21:30ean.

Aramaio

> AHTren aurkako Ri-Rau eguna antolatu dute zapaturako
Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak antolatuta, Ri-Rau, egurre emungotzau lelopean, AHTren aurkako eguna egingo dute zapatuan. Honako egitaraua antolatu dute: mendi martxa, biribilgunean hasita (10:00); bazkaria eskolako jangelan (14:00); poteoa, plazatik hasita (18:00); kontzertuak eskola azpian (20:00); eta erromeria.
Bihar, zapatua, egun osoan.

Arrasate

> 26. doke txapelketa jokatuko dute etzi, domeka, Arrasateko gaztetxoek
Gazte mailako (14 urtera arteko) 26. doke txapelketa jokatuko dute etzi, domeka, Monterron parkean, 11:00etan. Apirilaren 2an, berriz, 30. elkarteen arteko doke txapelketa izango da. SUDC elkarteak antolatzen du.

Bergara

> Erramu-zapatua ospatuko dute Bergaran eta gaur, egubakoitza, bertso saioa egingo dute
Erramu-zapatuko jaiaren egitarauaren barruan, gaur, egubakoitza, bertso saioa izango da pilotalekuan, 22:30ean, Jone Uria, Julio Soto, Joxe Agirre, Iker Zubeldia eta Uxue Alberdirekin, Jardunen eskutik. Bihar, feria izango da; 11:00etan, Luma Gorri oilasko-dastatzea izango da Munibe plazan; 12:00etan, erakusketako behien erakustaldi gidatua; eta beste hainbat ekintza, gauera arte.
Feria 09:30ean zabalduko dute. Erdigunean egongo dira postuak eta ekintzak.

Elgeta

> Herrixa Dantzan ekitaldia egingo dute etzi, domeka
Hileko azken domekero moduan, Herrixa Dantzan ekitaldia egingo dute oraingo aste bukaeran, Patxi Monterok gidatuta. Oraingoan, zuzeneko musika izango dute, Jainaga eta Narbaitza trikitilarien eskutik.
Ekainean, uztailean eta abuztuan ez dute egingo Herrixa Dantzan.
Etzi, domeka, Espaloia antzokian, 19:00etan.

Eskoriatza

> Taldeko dantza ludikoen ikastaroa dago bihar, zapatua
Euskal Herriko eta Europako taldeko dantza ludiko tradizionalak erakutsiko ditu Patxi Monterok bihar, zapatua. Prezioa da 5 euro. Argibideetarako, deitu 943 78 90 70 telefono zenbakira.
Bihar, zapatua, kultura etxean, 18:00-20:00.

> Aire zabaleko margo lehiaketa jokatuko da etzi, domeka
Aire zabaleko margo lehiaketaren 4. edizioa jokatuko da etzi Eskoriatzako kaleetan. Sari banaketa 18:30ean egingo dute, Ibarraundin, eta segidan, margolanen erakusketa zabalik geratuko da, apirilaren 16ra bitartean.
Etzi, domeka, 09:00etan hasita; sari banaketa 18:30ean da, Ibarraundin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak