Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko mar. 18a, 18:28
Aurten San Jose eguna jai denez, aste bukaera luzea dugu aurretik. Hemen duzue datozen egunotarako kultura agenda:

Antzerkia

Arrasate

> Umeei zuzendutako 'Artea' antzezlana egingo dute
La Maquiné taldeak Artea delako antzezlana egingo du, umeei zuzenduta. Naturaren gainekoa da: urtaroak, haien bidez sortzen diren elementuak, musika… horiek agertzen dira antzezlanean.
Zapatuan, hilak 20, Amaia antzokian, 17:00etan.

> Enrique 'El Grande' aktoreak bakarrizketa egingo du Iamain
Iamai kafetegiak 10. urteurreneko ekintzekin jarraitzen du. Oraingo astean, Enrique El Grande aktorearen bakarrizketa izango da.
Bihar, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian.

Bergara

> 'Rosas rojas', emakumearen aurkako tratu txarren salaketa
Oñatin edo Aretxabaletan izan eta gero, orain Bergaran egingo du La Papa taldeak Rosas rojas antzezlana. Bikote baten amodiozko istorioa tratu txarren istorio zelan bihurtzen den irudikatuko dute aktoreek. Sarrera 5 euro da.
Bihar, egubakoitza, Zabalotegi aretoan, 22:30ean.

Musika

Aretxabaleta

> Bilboko San Anton abesbatzak kantatuko du Aretxabaletako koruaren 30. urteurrenean
Bihar, San Jose eguna, 30 urte betetzen dira Aretxabaleta abesbatzak lehen aldiz abestu zuenetik, herriko parrokian. Hori gogora ekartzeko eta ospatzeko, luxuzko talde gonbidatu batek egingo du emanaldia: Bilboko San Anton abesbatzak. Taldea 1947an sortu zen, eta, besteak beste, Valentin Berriotxoaren kanonizazioan izan ziren, eta Santurtziko konposaketa lehiaketa irabazi zuten.
Bihar, egubakoitza, Jasokunde parrokian, 19:00etan.

Arrasate

> The Wet Band taldeak 'Waterproof' diskoa aurkeztuko du zuzenekoan The Wet Band Danbaka lehiaketako talde irabazleak Waterproof grabatu berri duen diskoa aurkeztuko du kontzertuan bihar, egubakoitza, 3 aretoan, 22:00etan. Uek eta Kraussk taldeek ere joko dute.

> Hamlet metal taldeak kontzertua egingo du 3 Aretoan
Hamlet metal estiloko talde ezagunak La puta y el diablo diskoa aurkezteko biran dihardu, eta Arrasatera etorriko dira zapatuan, hilak 20. Infernoise-k ere joko du.
Etzi, zapatua, 3 Aretoan, 20:00etan.

Bergara

> Bizardunak taldeak euskal folk emanaldia egingo du
Nafarrotik datorren Bizardunak taldeak euskal folk musika egiten du, The Pogues eta The Dubliners taldeen eraginarekin. Txapa Irratiak antolatuta, kontzertua egingo dute gaztetxean, eta irratian ere emango dute zuzenean: FM-ko 97.25ean eta Internet bidez www.txapairratia.org webgunean. Les Faboulosers taldeak ere joko du.
Bihar, egubakoitza, gaztetxean, 22:30ean.

> Manolo Kabezabolok diskoa aurkeztuko du zapatuan
Sarrera 4 euro da. No hay soluzion bergararra hasiko da gaua girotzen.
Zapatuan, gaztetxean, 22:30ean.

Eskoriatza

> Bide Ertzean taldeak 'Leidor sessions' diskoko abestiak joko ditu kontzertuan
Ubeda anaiek eta Fran Iturbe bergararrak Leidor sessions iaz Leidor aretoan grabatutako diskoko abestiak joko dituzte bihar, egubakoitza, unibertsitateko aretoan, 22:30ean. Sarrerak Inkernun daude salgai 5 eurotan.

Erakusketak

Aretxabaleta

> Gerrako hilobien gaineko erakusketa kultura etxean
Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen delako erakusketa ipini du Aranzadi Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren eta Intxorta 1937 kultura elkartearen laguntzarekin. Aranzadiko ikertzaile eta boluntarioek joandako 10 urteetan egindako hobitik ateratze lanak ikus daitezke, argazkitan. Horrekin batera, Intxorta 1937 kultura elkarteko kideek beste bi panel prestatu dituzte, Gerra eta errepresioa Aretxabaletan: Izen guztiak, aurpegi guztiak izenburuarekin. Martxoaren 24ra arte dago zabalik.
11:00-13:00 eta 18:00-20:00, lanegunetan, eta 11:00-13:00, zapatuan.

Arrasate

> Jabego publikoko bideen inbentarioaren gainekoak
Arrasateko jabego publikoko bideen inbentarioaren gaineko erakusketa egongo da Kulturaten. Garai bateko bide asko dagoeneko ez dira erabiltzen, eta erakusketarekin nahi da Udalak egindako inbentario lana eta herritarrek ekarri dutena ezagutaraztea.
Kulturaten, martxoaren 28ra arte.

Oñati

> Argizaiola argazki erakusketa dago hil osoan kultura etxean
Ilunpetan argazki taldearen eskutik, Argizaiola argazki erakusketa izango da kultura etxeko erakusketa aretoan.
Martxoaren 28ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Ospakizunak

Arrasate

> Danok-Bat elkarteak urteurreneko ospakizunak egingo ditu
Danok-Bat elkartea 75. urteurrena ospatzen dabil. Datozen egunotan, honako ekintzak egingo ditu: domekan, hilak 21, hildako bazkideen omenezko meza entzungo dute, San Juan parrokian, 11:00etan; eta eguaztenean, hilak 24, zigarro puruei gaineko hitzaldia, 19:30ean. Irekia izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da.
Ekitaldi bereziak egingo dituzte ekainera bitartean.

Jardunaldia

Elgeta

> Ardoaren gaineko berbaldia eta dastatzea daude gaur, eguena
Fernandez de Pierola upategiaren eskutik, ardoa edateak osasunarekin duen lotura azalduko du mediku batek, eta segidan, upategiko ardoa emango dute dastatzera. Gaur, eguena, izango da hori guztia, Espaloian, 19:30ean.

Bestelakoak

Arrasate

> Urteko bigarren azoka egingo dute baserritarrek zapatuan
Urteko lehenengo baserritarren azokak izandako arrakasta errepikatu guran, Seber Altubera jaitsiko dira Arrasateko baserritarrak oraingo zapatuan ere. 10-12 batek ipiniko dute postua, eta, urtarrileko azokan moduan, oraingoan ere erosleen artean baserriko produktuen otzara zozketatuko dute.
Zapatuan, hilak 20, Seber Altuben, 09:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak