Nekazaritza Ekologikoko Kontseilua sortu berri dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mar. 27a, 16:33
EAEko Nekazaritza Ekologikoko Kontseilua sortu berri dute. Tartean da, Antzuolako Lapatza baserriko Tomas Larrañaga. Orain arte erakunde publikoa izan dena orain erdi publikoa izatera pasako da.

Otsailaren 29an sortu zen Nekazaritza Ekologikoko Kontseilua. Hala, elkarte berriak, nekazaritza ekologikoaren kontrola hartu du. Orain arte Eusko Jaurlaritzak egin duen lana bere gain hartu du kontseiluak. Tomas Larrañaga antzuolarra izango da elkarteko presidentea eta hark azaldu duenez, elkartea otsailean sortu bazen ere, oraindik osatzen ari dira: zuzendari orokorra eta idazkaria aukeratzea falta da-eta.

Kontseiluaren lana nekazaritza ekologikoa kontrolatzea izango da; eta, gainera zertifikazioa egitea. Nekazaritza eta ganaderitza ekologikoaren promozioa egitea ere kontseiluaren ardura izango da.

Hiru herrialdeetako elkarteak

Elkartea osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko hiru herrialdetako bost elkartek. Gainera, federazioa eta kontsumitzaileen elkartea ere tartean direla azaldu du Larrañagak.

Orain arte Eusko Jaurlaritzaren esku egon da nekazaritza ekologikoaren kontrola eta zertifikazioa egitea. Baina, orain dela hiru urte Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen izaera hori aldatzea. Lehen elkarte publiko zena orain erdi publiko izatera pasako da. Hala ere, Eusko Jaurlaritza kontseiluaren gainetik egongo da. Kontseiluaren lana kontrola, zertifikazioa eta promozioa egitea izango da. Gainera, kontseiluaren izaera berriarekin, gobernuaren aurrekontuaren zati bat kontseiluarentzat izango da.

Eskaria handitzeko neurriak

Bestalde, kontseiluak jaki ekologikoen eskaria handitzeko neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari. Euskal Autonomia erkidegoko kontsumoa Estatuan dagoen kontsumoaren antzerako da. Baina, Europako datuekin alderatuz kontsumoa oso txikia da. Hemen, ekoizpenaren %0,5 besterik ez da ekologikoa. Europa mailan, ostera, %10a da kontsumoa. Larrañagak gaineratu du, kontsumorik ez badago alperra dela janari ekologikoak sortzea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eurenak diren instituzioetan; besteak beste, eskoletan eta ospitaletan, janari ekologikoen kontsumoa bultzatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak