Negurako bide-zaintza, aktibatuta

Ubane Madera 2009ko urriaren 29a

Azkenaldiko eguraldiak negua urruti dagoela pentsarazten digun arren, Gipuzkoako Diputazioak dagoeneko aurreikusi du negurako bideragarritasun plana, bestela esanda, elurra kentzeko makinak eta gatza gertu dituela iragarri du. Hain justu ere, azaroan hasi eta apirilean amaituko da neguko bide-zaintza dispositiboa.

Guztira elurra kentzeko 62 makina gertu ditu Diputazioak Gipuzkoarako. Gurera begiratuta, Arlabanerako bi ekipo oso ditu gertu: kamioia, elurra kentzeko pala eta gatza botatzeko makina ditu ekipo bakoitzak. Leintz Gatzaga eta Kanpantzarrerako ekipo bana ditu. Deskaragarako, berriz, lau halako eta bukatzeko, Elgetarako, ekipo bat.

AP1 errepiderako

Hori errepide publikoei dagokienez; baina haiekin batera, errepide pribatuetarako zerbitzuak gertu dituela ere jakinarazi du Gipuzkoako Diputazioak. Gure ibarreko kasuan, AP1 autobiderako hamar ekipo.

Gatzari dagokionez, batetik, San Prudentzioko edo Elorregiko biltegian gordetzen segituko dute; eta bestetik, Zaldumendin eta Eskoriatzan gatz-zulo bina izango dituztela ere jakinarazi dute. 

Indartu egin dute

Aurtengo datuak lehenagoko urteetakoekin konparatuz, Diputazioak azpimarratu gura izan du Gipuzkoak nabarmen indartu duela neguko bide-zaintza; adibidez, 2004an zeuden elurra kentzeko 38 makinetatik 2009an 62 makina izatera pasatu da. Eta gurera etorrita, AP1 autobiderako elurra kentzeko sei makina berri ekarri dituzte, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak